Estatuko Administrazio Orokorrak “Administrazioa zugandik gertu” ekimena jarri du abian, 500-8.000 biztanle bitarteko udalerrietako herritarrei Administrazioaren izapide eta prestazioen kudeaketa errazteko.

 

Horrela, Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak, Estatuko funtzionarioen unitate bat eratu du eta programaren xede diren udalerrietara eramango da, Amezketara barne, eta saio bat antolatuko da interesa duten amezketarrek parte har dezaten eta CL@VE deritzon sinadura digitala eskuratu dezaten. Zehazki, saio horretan ondorengoak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek:

– Estatuko Administraziora sartzeko moduei buruzko azalpen zabala emango da.

– Ordenagailu pertsonala eramaten dutenek ziurtagiri edo sinadura digitala bertan lortuko dute.

– Bertaratutakoek, nahi izanez gero, CL@VE Iraunkorra lortu dezakete.

– Nahi duenari Administrazioaren dokumentu jakin batzuk eskuratzeko laguntza emango zaio.

– Aholkularitza pertsonalizatua emango da, besteak beste, erabiltzen ikasteko eta tramite zehatzak egiteko.

 

CL@VE sinadura digitala B@kQ bezalakoa da baina Estatuko Administrazioarekin izapideak egiteko balio du, beraz oso erabilgarria izan daiteke amezketar askorentzat. CL@VEren bitartez modu errazean edo arinagoan lortu daitezke Españako Administrazioaren hainbat ziurtagiri, Gazte Kultura Bonua ere eskuratzen da, Trafiko Zuzendaritzarekin tramite asko egin daitezke eta baita ere Gizarte Segurantzarekin, IMSERSOren programatan izena ematkeo, Españako Gobernuaren dirulaguntzak eskatzeko, besteak beste. Informazio gehiago ondorengo estekan aurkitzen da: https://clave.gob.es/clave_Home/eu/clave.html

 

Ez dago zalantzarik amezketar askorentzat, ordenagailuan horrelako tramiteak egiten ohituta daudenentzat edo horretan ikasi nahi dutenentzat behintzat, abantaila bat izan daitekeela CL@VE sinadura digitala lortzea Amezketan bertan, Tolosara edo Donostiara joan behar izanik gabe, aurretiazko zitak itxaron gabe.

 

Funtzionarioen unitatearen bisita antolatze eta zehazte aldera, jakinarazten zaie amezketar interesatuei Amezketako Udalean izena eman beharko dela, bertaratuta edo 943 653189 telefonora deituta, eta izena emateko epea otsailaren 3 arte izango da. Orduan zehaztuko da jardunaldia egiteko eguna eta ordua. Animatu zaitezte.