Gipuzkoako Foru Aldundia Tolosaldeko autobus zerbitzuaren emakida berria prestatzen ari den honetan, eskualdeko udalek egindako hobekuntza proposamenak Aldundiari helarazi zaizkio, etorkizuneko zerbitzuaren diseinuan kontuan har daitezen. (Ataria)
Lanketa horren barruan, Amezketako Udalak ere herriko mugikortasun beharrei erantzuteko hainbat eskaera egin ditu, helburua garraio publiko erabilgarriagoa, irisgarriagoa eta herritarren eguneroko beharretara hobeto egokitua izatea izanik.
Amezketari dagokion T001 (Tolosa–Alegia–Amezketa–Abaltzisketa) linean aurkeztutako hobekuntza proposamen nagusiak honako hauek dira:
- 10:00etatik 13:00etara bitartean zerbitzu gehiago eskaintzea, eguneko tarte horretan dagoen eskaintza hobetzeko.
- Eskaripeko zerbitzua San Martineraino luzatzea, auzoko bizilagunek ere garraio publikoa baldintza hobeetan erabili ahal izan dezaten.
- Eskaripeko zerbitzuaren ordutegia zabaltzea edo malgutzea, batez ere gaueko ordutegietan, hurrengo eguneko lehen zerbitzua eskatzeko aukera errazteko.
Udalaren ustez, hobekuntza hauek aurrerapauso garrantzitsua izango lirateke herritarren mugikortasuna errazteko eta landa eremuko herriek kalitatezko garraio publikoa izatea bermatzeko.
Orain hasiko den emakida berriaren diseinu prozesuan proposamen horiek aintzat hartzea espero du Amezketako Udalak, herritarren eguneroko beharrei hobeto erantzungo dien autobus zerbitzua lortzeko.
Amezketako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Tolosaldea Garatzeni eta lanketan parte hartu duten eragile guztiei, eta Foru Aldundiari eskatu nahi dio landa eremuko herrien errealitatea kontuan har dezala autobus zerbitzuaren etorkizuneko diseinuan.

