Otsailaren 23an Kultur etxean Amezketan Tokiko Energia-Komunitatea eratzeko lehen bilera informatzailea burutu zen. Bilera horretara ia 40 bat lagun hurbildu ziren eta bertaratutakoen hainbat galderei erantzuna eman zitzaien. Egun horretan epea zabaldu zen aurre-inskripzioa egiteko horretarako prestatutako web orrian eta 30 bat lagunek izena eman dute azken hilabetean.

 

Bien bitartean Udalak urratsak eman ditu formalki Tokiko Energia Komunitatea sortzeko, elkarte bezala eratzeko Eusko Jaurlaritzaren aurrean, alegia, lehendakaria, diruzaina eta idazkaria izendatuta.

 

Oraingoan berriz, Tokiko Energia Komunitatean izena eman eta bazkide izateko epea zabaltzen da. Horretarako dagoen web orrian, Amezketako Tokiko Energia Komunitatea, aurre inskripzioaren esteka kendu da eta berria jarri “Eman izena” izenburua duena. Hor sartu ezkero datuak bete beharko dira eta horrekin Tokiko Energia Komunitatearen bazkide izaera lortuko da eta plakak martxan jartzen direnean argindarraren fakturan deskontua izango du bazkideak. Izena ematean aurrekoan baino datu gehiago jarri behar dira, egungo fakturaren kontu korrontea esate baterako, zere, esan bezala, fase honetan bazkide izateko behin betiko urratsa da.

 

Hona hemen datu horiek sartzeko tutorial txiki bat: Izena emateko tutoriala

 

Eta noski, bestetan esan ohi den bezalaxe, edozein zalantza argitzeko Amezketako Tokiko Energia Komunitatearen web orrian agertzen den 948 987 232 telefonora deitu daiteke edo Amezketako Udalera deitu edo bertaratu.