Gaur argitaratu eta indarrean sartu da Lehendakariaren 47/2021 Dekretua, zeinaren bidez xedatzen baita establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku gehiagotara zabaltzea Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez ezarritako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna.

 

Aipatu Dekretuan jasotzen denez, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna zabaltzen da, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintzaren eta kontrolaren berezko prebentzio- eta euste-neurri osagarri gisa.

 

Honako hauek dira gaurtik aurrera Covid Ziurtagiri Digitala edo “pasaportea” deritzona eskatzeko eremu berriak:

1.– Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.

2.– Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.

3.– Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.

4.– Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.

5.– Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.

 

Hona hemen aipatutakoa jasotzen duen Dekretua: Dekretua

 

Honekin batera, eta Amezketako Udala jabetuta herrian zenbait pertsonek izan ditzaketen zailtasunak internetetik Covid Ziurtagiri Digitala edo “pasaportea” deritzona eskuratzeko, herritarrei jakinarazi nahi zaie Udaletxean Covid Ziurtagiri Digitala edo “pasaportea” deritzona eskuratzeko laguntza eskeiniko dela hurrengo asteetan.

 

Horrela, oraindik ziurtagiria eskuratu ez dutenek, osasun txartel indibidual urdinarekin eta norberaren mugikorrarekin joan ahal izango dute Udaletxera eta bertan internetetik norberaren ziurtagiria eskuratzen laguntza emango zaio modu pertsonalean.