Amezketako Udalak 2020. urtean 1.387.868 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 441.491,12 €, guztiaren % 31,8, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dira. Honelaxe onartu berri du Udalbatzak, abenduaren 26an, eguerdian egindako ohiko bilkuran. Esan baitere, 2019ko aurrekontuarekin alderatuz, 2020koa 50.000 € gehiago dela.

 

Aurrekontuaren sarrera eta gastuei dagokienez, diru-sarreren arloan, % 50 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datoz, ia % 27 udal zerga eta tasetatik, eta % 23 inguru, dirulaguntzetatik eta hirigintza aprobetxamentuetatik.

 

Aurrekontuaren gastuaren proportzioa berriz honakoa da: % 29 pertsonalari dagokion atala, % 29 ondasun eta zerbitzuen atala, % 7 diru transferentzien atala, hauen artean, Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeako Mankomunitatea edo Tolomendiri, eta azkenik, % 1,8 maileguen amortizazio eta interesen atala. Azken datu hau, berez baxua izanik, iazkoa baino zertxobait bat txikiagoa da, eta orohar esan behar da, gastuen atalean azken urteotako proportzioak mantentzen direla eta egoera honek garrantzi haundia du udalaren diru kontuetan, orekak eta gastuen eragingortasuna mantentzen direlako eta gastu berriei aurre egiteko gaitasuna gordetzen delako. Ehuneko hauei, goian aipatu bezalaxe, inbertsiotarako % 31,8 erantsi behar zaio, 2019an baino piskat baxuagoa, ohiko gastuetarako hainbat programa zabaltzen saiatzen delako Udala.

 

2020ko aurrekontua egiterako garaian, Udalak 4 helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontutan. Lehenengoa, eta azken urteotan bezalaxe, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da, eta 2020an, Urzabal auzoan dagoen Ierabizkar errota berriztatzeari lehentasuna emango zaio, 107.000 € inguru inbertituz, Larrunarri pilotalekuko teilatuak dituen itokinak kentzeko eskuhartzea egingo da, 25.000 € bideratuz, 2019an atzeratu den Beltzaren plazaren kirol azpiegitura hobetuko da, 40.000 €kin, eta kale txukunketarekin eta eta Ugarte auzoko egokitzapenekin jarraituko da eta horretarako 28.000 € aurrikusi dira.

 

Bigarren helburua Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitzea da, laugarren urtez, eta horretarako 35.000 € erabiliko dira.

 

Aurrekontuaren hirugarren helburu edo ildo nagusia, landa eremuko baserri bideak eta bestelako azpiegitura txikiak hobetzen jarraitzea da, horretarako 70.000 € inbertituz. Eta laugarrena eta azkena, egun Udalak eskeintzen dituen zerbitzu publiko desberdinen mantenuarekin jarraitzea izango da, kopuruak aurrekoak baino txikiagoak izanda, guztien batura kopuru garrantzitsua egiten dutenak, hala nola, Udalak Bartolome Deuna kalean duen lokal hutsa almazen berria bihurtuko da, udaletxe azpiko aldagelak eta kultur etxeko komunak egokituko dira, turismoa sustatzeko Amezketatik Larraitzera doan bidea txukundu eta seinale egokiak jarriko dira, eta herrian zehar dauden baranda zahar batzuk berrituko dira.

 

 

Guztion ezagutzarako, beste zenbait udal zerbitzuen kostuen aurrikuspenak jartzen dira jarraian: 3. Adinekoen zerbitzuen atalean, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 15.000 €ko kostua du, eta jubilatuen txokoan ematen den zerbitzua eta 3. Adinekoen aisialdiko egiten diren hainbat ekintza 17.000 €ko kostua dute; Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuek aldiz 47.000 €ko kostua dute; gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko, 2020an ere kopurua jarri da, 3.000 € zehazki, eta herritarren partaidetza bultzatzeko 5.000 euro bideratuko dira; Udalak 36.000 € bideratzen ditu urtean zehar Amezketan antolatzen diren festa eta ekitaldi kultural guztiak ordaintzeko; eta azkenik, aipatu, Udalak euskeraren erabilera bultzatzen jarraitzen duela, eta ekimen eta dirulaguntza desberdinen artean 26.000 € inguru daude xede honetarako jasota.

 

Amaitzeko, beste behin Udaletik gogoratu nahi zaie amezketar guztiei aurrekontuaren espedientea denen ikusgai dagoela Udaletxean, 15 lanegunetan, edozein herritarrak Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak luza ditzan. Amezketako Udaleko arduradunek garbi daukate herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar dela, eta horregatik, atsegin haundiz, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko prest dago.