Amezketan asko dira pertsona helduak. Batzuk, jubilatzeko edo erretiroa hartzeko atarian, eta beste batzuk dagoeneko jubilatuta. Zientziak eta ongizateak eraginda, bizitza luzatu egin da, ia-ia normala da laurogei urtera egoera txukunean heltzea. Baina azken hogei urte horietarako ba al dute asmo edo planik? Programaturik dute zerbait? Etapa berri horretarako, bizitza berrirako, desio eta asmo berriak behar dituzte.
Ordupeko lana uztean, lehen asmoa atsedena hartzea izaten da. Ondo merezitakoa, hain zuen. Egunak joanean, atsedenari leku egin ondoren, beste zerbaiten beharra sentitzea da ohikoena, bizitzan ikusle hutsa izateak ez baitu asetzen. Hor hartzen dute indarra bakoitzaren afizioek eta beharrek (seme alabei laguntzea, bilobak zaintzea, baratza, bidaiak, irakurtzea, informatzea, herriko dinamikan ekarpenak egitea, etab.).
Ez dugu inoiz ahaztu behar erretiroa hartu arteko urte luzeetan, bakoitzak, bere eremuan, lan egin duela. Prestakuntza eta gaitasun horiek ez dira erretiratzean kolpetik galtzen; hau da, jarrai daiteke gogoko diren lantxoak eta ekarpenak egiten.
Bestalde, adin bakoitzak bere beharrak dituenez, jubilatuek ere badituzte beharrak, batzuk orokorrak eta beste batzuk bereziak. Horretan dihardu ELORDI Jubilatu Elkarteak: pertsona heldu eta erretiratuen beharrei erantzuten eta jubilazio aktiboa bultzatzen.
Eta gai zabal horren inguruan, bada Euskal Herrian adinean aurrera doan pertsona jakintsu bat. Idazlea da, pentsalaria da eta telebistan ere aritzen da iritzi emaile. Hori Arantxa Urretabizkaia da. Eta zorte handia dugu Irakurle Taldeak eta Elordi Jubilatuen Elkarteak deituta, gure herrira etortzea onartu duelako.
GAIA: “Zahartzaroaren maparen bila-Nola antolatu eta zer egin gure zahartzaroan”
HIZLARIA: Arantxa Urretabizkaia
EGUNA: maiatzaren 6a, arratsaldeko 6:00etan.
NON: Kultur Etxeko areto nagusian.


