Amezketako Udalak baserri bideen egoera hobetzeko hainbat lan egin ditu azken aste hauetan. Argaiarako bidean, Oteiza baserrietara doan bidean, Iraregirakoan eta Ezkolborron egin dira konponketa eta hobekuntza lanak.

Oteiza baserrietara doan bidean, gainera, lanak aprobetxatuz, Ur Kontsortzioak ur-hoditeria berritzeko lanak ere egin ditu. Bi erakundeen arteko koordinazioari eta elkarlanari esker, esku-hartzeak modu bateratuan egin ahal izan dira. Horrez gain, bidea zertxobait zabaldu da , Oteiza-goikoa baserrikoek beraien jabetzakoa den terrenoaren zati bat lagatzeari esker, ustiategira joan etorria egiten duten kamioientzat zein bestelako ibilgailuentzat erosoagoa izateko.

Amezketako Udalak lanean jarraituko du herriko landa eremuko azpiegiturak zaintzen eta hobetzen, baserritarren eta herritarren eguneroko jarduna ahal den neurrian errazteko.