Gaur, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, aurtengoan Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin duen irakurketa eta erreibindikazioekin bat egiten du Amezketako Udalak. Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Esan dugu behin baina gehiagotan, pandemiak agerian utzi duela feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu.

Guzti hau kontuan hartuta, herrian bi deialdi ditugu gaurkorako: Alde batetik, Zumadi eskolak hainbeste urtez bertan aritu den eta feminismoaren alde sutsuki lan egin duen Nekane Bautista irakasleari agurra prestatu dio arratsaldeko 6etan, agur honetara herriko gainontzeko eragileak ere gonbidatu dituztelarik.
Arratsaldeko 19:30etan berriz, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo da Amezketako plazan. Bertan, Zumadi eskolako ikasleek emakumeen egunerako prestatu dituzten bertsoak kantatuko dituzte.
Amaitzeko, esan ostiralean emakumeen afaria egingo dela Beartzana jatetxean, eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a dela 606795536 edo 635701998 telefonora deituta.