Herritar estimatuak:

 

Honez gero, denok jakingo duzuen bezalaxe, bart gauen, urriak 26, indarrean sartu ziren  Euskadiko Erkidego Autonomo guztirako neurri berriak, zehazki, Alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko neurri berriak.

 

Mezu honen amaieran Lehendakariaren Dekretu berria jarriko da, baina hona hemen neurri aipagarrienak, amezketarrontzat bereziki baliagarriak direnak.

BAT – Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea (23: 00etatik 06: 00etara).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu ahal izango dute pertsonek erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik. Beharrezko jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: osasun-jarduerak, lanekoak, profesionalak, hezkuntzakoak, adinekoak edo adingabeak zaintzea.

BI- Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta irteteko mugak.

Horrez gain, mugatu egiten da pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugarte bakoitzean pertsonak sartzeko eta irteteko modua. Jarduera sozioekonomikoak egiteko, ohiko igarobideko udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da.

Puntu honetarako jasotako salbuespenak dira, halaber, osasun-arlokoak, lan-arlokoak, profesionalak, hezkuntzakoak, menpekoen, adinekoen edo adingabeen zaintzakoak, besteak beste.

HIRU – Pertsona-taldeak espazio publiko eta pribatuetan egoteko muga: gehienez 6 pertsona.

Salbuespenak izango dira bizikideak izatea.

 

Neurri hauekin batera, Lehendakariaren Dekretuak beste zenbait neurri ere dakarzki, besteak beste, ondorengo hauek:

Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean.

Bizikideak ez diren pertsonen kasuan, espazio pribatu irekietan zein itxietan egindako bileretan edo sortutako taldeetan maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

Nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazio pribatuetan, hala nola eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, solariumetan, zabaltzetan edo antzeko lekuetan.

 

Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.

Erabilera publikoko establezimenduak eta tokiak ahalik eta sarrien aireztatu beharko lirateke, eta nolanahi ere, egunean 3 aldiz gutxienez.

 

Beilak eta ehorzketak.

Gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez.

Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada, eta leku itxian egiten bada, gehienez ere 10 pertsona izan ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

 

Kultu-lekuak.

Kultu-lekuetan ezingo da edukieraren ehuneko 50eko kopurua gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia egon beharko da. Kulturako erabiltzen den espazioko ikusteko moduko toki batean erakutsi beharko da gehieneko edukiera.

 

Merkatuak.

Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan, –azoka txiki gisa ezagutzen direnak– ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da eta bezeroen joan-etorria mugatuko da

 

Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

Barruan baimendutako gehieneko edukieraren % 50eko edukiera baimentzen da, eta mahaien eta, hala badagokio, mahai-multzoen arteko 1,5 metroko distantzia fisikoa ziurtatu beharko da, barruan zein kanpoan. 1,5 metroko distantzia hori mahaietatik gertuen dauden pertsonen artean neurtuko da. Mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko gehienezko taldea 6 pertsonakoa izango da, barruan zein kanpoan.

Kontsumoa mahaian eserita egingo da beti. Barran kontsumitzea debekatuta dago.

Maskara nahitaez erabili beharko da une oro, kontsumitzeko berariazko unean izan ezik.

Ostalaritza eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuek, terrazek barne, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, barne hartuko da bezeroak ateratzea, 23:00etan zirkulazioa mugatu baino nahikoa lehenago. Lokala itxita egon beharko da jendearentzat eta ezin izango da berriro ireki 06:00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

Debekatuta dago txokoetan, elkarte gastronomikoetan eta lonjetan edozer jarduera mota

egitea, eta itxita egon beharko dute.

 

Kirol-instalazioak eta kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egitea.

edozein kirol-jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Salbuetsita daude gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak, betiere maskara erabilita, bai eta lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak ere.

Talde federatuen edo eskolakoen kirol-entrenamenduak baimenduta daude, seiko taldeetan.

 

Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.

 

Aipatu neurrien arautegia ondorengoa da: batetik, Espainiako Alarma egoera onartzen duen Errege Dekretua REAL DECRETO, eta bestetik, Lehendakariaren Dekretua DEKRETUA_eus

 

Bestalde, Tolosaldeako Mankomunitatetik gogoratzen dute, pertsona positiboen eta aislaturik edo berrogeialdian dauden pertsonen kasuan, sortzen diren hondakin guztiak errefusa bezela kudeatu behar direla,  hau da, positiboa eta aislatuak dauden pertsonak sortutako HONDAKIN GUZTIAK (organikoa, ontziak, papera, maskarillak, eskularruak, etab.), sailkapenik gabe, poltsa itxi batean ERREFUSAREN kubo edo edukiontzietara bota behar dira.

 

Besterik gabe, eta neurriak bete behar direla dei eginez egoera hau denon artean gainditu ahal izateko, jaso ezazue agur bero bat eta elkar zaindu dezagun.

 

Amezketan, 2020ko urriaren 27an.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

Alkateak.