Bihar, urriak 28 larunbata, haize boladen iragarpena dela eta ez da San Martingo Etxolaren itxiera festarik izango. Beraz, aurtengo denboraldia bukatutzat emango da etxolaren zerbitzuari dagokionez. Eirek eta Jokinek ondorengoa adierazi nahi dute:

Iepa Etxolazaleok:
Eskerrik asko bene-benetan aurtengo denboraldian Etxolara hurbildu zareten guztioi!
Urduritasunez josita eta esperientzia ezaz, baina ilusioz beterik ekin genion ekainaren 9an Etxolaren ibilbideari. Ostalaritza eskarmenturik ez eta pazientzia eskatu genizuen, eta errespetu osoa erakutsi zenuten. Programatutako ekintza bakoitza antolatzen gozatu dugu eta bueltan, zuen laguntza eta esker ona sentitu dugu.
Denon artean San Martini bizitza eman diogu eta giro berezia sentitu dugu.
Oso pozik gaude, jendearen mugimendua ikusita ere, San Martin txukun mantendu da. Hau, denon ahaleginik gabe, ez litzake posible izango. Jarrai dezagun maite dugun hori zaintzen!
Aurtengo denboraldiari ezin izango diogu nahi genion amaiera eman. Jada ezaguna zaigu San Martingo haizea. Hau haizea! Eta sortarazi dezakeen giro deserosoa ekidin nahi dugu. Baina, hala ere, azken egunari begiratu baino, denboraldi osoan bizitakoarekin geratuko gara.
Etxolako barraren barrualdean lan asko izan arren, esperientziak merezi izan du.
Ea datorren urtean ere Etxolaz gozatzeko aukera dugun! Ez dadila haria eten!