Gure hildakoen oroimena bizirik mantentzeko ohitura zaharra da argizaiolena, eta tradizio honek gure herriaren ondarearen parte izaten jarraitzen du.

2022an, Joseba Urretabizkaia argazkilariak,  Amezketako hainbat emakumerekin, argazki saio berezi bat egin zuen, argizaiolen magia eta edertasuna irudietan gorde eta belaunaldi berriei transmititzeko asmoz. Orain, lan horren emaitza liburu batean bildu da, eta gure altxor kulturala ezagutzera emateko unea iritsi da.

Urriaren 31n, osteguna, liburuaren aurkezpena egingo da Amezketan bertan, arratsaldeko 19:00etan, Pernando Amezketarra Kultur Etxean. Bertan, argazkiak, kontakizunak eta ohitura honen inguruko istorioak partekatuko dira, eta bertaratzen diren guztiek aukera izango dute Joseba Urretabizkaia eta argazki saioan parte hartu duten herriko emakumeekin elkartzeko. Argitaratu berri den liburua erosteko aukera ere izango da bertan.

Herritar guztiei gonbita luzatzen diegu, ekitaldi honetara hurbildu eta gure ondare kultural eta emozionalaren parte den altxor hau elkarrekin bizitzeko. Ez galdu aukera berezi hau, gure historia, argazkien bidez, bizirik mantentzeko!