Zazpiturri Aralar Parke Naturalaren barruan kokatuta dagoen eta Euskadiko iturburu nagusienen artean dagoen Amezketako gune garrantzitsuenetako bat da. Urteen joanean gune honen egoera okertzen joan da, eta honi buelta eman nahirik, Amezketako Udalak proiektu bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Garapen Jasangarrirako dirulaguntzetara. Proiektu honek eremu honetan eskuhartze bat egin eta ingurunea txukuntzeaz gain, ibilbide bat sortu eta informazio panel batzuk jartzeko lanak aurreikusten ditu, guneari bere balioa emanez. Lan hauek 77.000 euroko inbertsioa eskatzen dute guztira, eta Eusko Jaurlaritzak 70.000 eurorekin lagunduko du Amezketako Udalak aurkeztutako proiektu hau. Datozen hilabeteetan egingo dira lan hauek eta honela Amezketak beste gune garrantzitsu bat berreskuratuko du.