Urtero legez, urte sasoi honetan, Udalek hurrengo ekitaldiko udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruan zenbait erabaki hartzen dituzte, herritarrengan eragin zuzena izan ohi dituztenak. Amezketari dagokionez, Udalbatzarrak, joan zen urriaren 28 egindako bilkuran, ahobatez onartu berriak ditu 2022ko Ordenantza Fiskalak, behin behinekoz, eta dokumentua jendaurrean ikusgai dago udal bulegoetan, edozein herritarrek 30 egun balioduneko epean egoki ikusten dituen alegazioak egin ahal izateko.

 

Esan bezala, Ordenantza Fiskaletan udal zergak eta udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoak aurrikusten dira, eta hauek Udal aurrekontuaren sarreren % 40 inguru suposatzen dute, hortaz bere garrantzia.

 

Urtero egin izan den proposamenetan Kontsumorako Prezioen Indizearen, KPI, bilakaera eta beste herriek dituzten karga tasak izaten dira kontutan. Baitere, zerbitzu publiko berrien tasa eta prezio publikoen doiketak egiten dira. Irizpide hauen harira, batetik esan, pandemiagatik 2020. urtea zaila izan zela eta 2021. urtean nabaritu izan dela pandemiak ekarritako krisi ekonomikoa, batibat, Kontsumorako Prezioen Indizeari dagokionez, azken urteetako haundiena izaten ari dena.

 

Bestetik, beste herriek dituzten karga tasen inguruan esan behar da, Amezketa bezalako herri txikien presio fiskala 633koa izanik, eta Gipuzkoako batazbestekoa 602 izanik, Amezketakoa presio fiskal txikiagoa dela, 407koa. Guzti honekin, Udalak bere hausnarketak egiten ditu herritarren ahalmen ekonomikoaren eta Udalak eskeintzen dituen zerbitzu publikoen arteko oreka bat izateko.

 

Amezketako Udalak urtero Gipuzkoako KPIaren abuztuko urte artekoa edo interanuala hartzen du kontutan ordenantza fiskalen inguruan erabakiak hartzeko eta 2022. ekitaldiari dagokionez aipatu KPIren igoera % 3,3koa izan da. Horrela, ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, % 3,3 igoko dira 2022an. Egunotan, berriz, hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga edo “plusvalia” deritzonari buruzko hainbat berri agertu dira hedabideetan baina esan behar da Amezketako Udalak ez duela zerga hau aplikatzen.

 

Dena dela, esandako zerga gehienek beren hobariak dituzte, azken urteotan onartutakoak eta aplikatzen direnak, hala nola, familia ugarientzat, energia berriztagarrien ekoizpenerako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzentzat, edota kotxe elektriko eta hibridoentzat esaterako. Hobari hauetatik nabarmentzekoa da 2020an baserri zaharrak berritzeko obren gaineko zergan %50eko hobaria ezarri zuela Udalak, eta zaharkituta dauden etxeak berritzen laguntzeko asmoarekin, 2022tik aurrera hirigunean dauden eta 1980. urtetik eraberrituak izan ez diren etxeen eraberritze integrala egiteko %50eko hobaria ezarriko zaiela hauei ere. Honbestez, herritarrei gogorarazi nahi zaie hobari horien onuradun izan daitezkeela.

 

Udal zerbitzu publikoetan aplikatzen diren tasen inguruan, aldiz, esan behar da gehienak bere horretan mantentzen direla, alegia, ez dago igoerarik zaborren tasan, udalekuetako prezioan, edota etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Salbuespena gimnasioaren zerbitzuari dagiona da, bataz beste, 10 euro igotzen baita bazkide izateko kuota herritarrentzat; Udalak igoera hori justifikatzen du prezioa orohar herrikoia delako eskeintzen den zerbitzu onarekin alderatuz eta zerbitzuaren gastua bazkideen kuotekin orekatu nahi delako.

 

Azkenik, esan 2022an ere, 2021an bezalaxe, ur hornikuntzaren hobariaren kasuan, 2015. urtea geroztik abonatu guztiei aplikatzen zitzaien hobaria % 25 jeitsiko dela, baina salbuespen gisa, Arazketa kontzeptuagatik konbratzen zaien abonatuei hobaria bere horretan mantenduko zaiela. Iaz arrazoitu zen bezalaxe, Udalak uste du progresiboki uraren prezio publikoak beste udalerrietan bezalakoa izaten joan behar duela, eta batez ere, uraren saneamendu azpiegituraren lanak, ondobidean 2022. urtearen bigarren seihilabetean hastekoak, Udalari inbertsio garrantzitsuak suposatuko dizkiolako.

 

Udalaren aldetik, erabateko prestutasuna agertu nahi da gai honetan Udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko.