Amezketako Udalak 2022. urtean 2.096.457 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 1.099.200 €, guztiaren % 52, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dira, zehazki eta nagusiki bidegorri berriaren hasierako lanetarako eta saneamenduko lanetarako. Honelaxe onartu zuen Udalbatzarrak, otsailaren 3an, egindako ez ohiko bilkuran, aho batez. Esan baitere, 2021eko aurrekontuarekin alderatuz, 2022koa % 54 gehiago dela.

 

Udalbatzarrak hasierako onespena eman zion 2022ko Aurrekontuari, etaGipuzkoako Aldizkari Ofizialean onespenaren iragarkia argitaratu zen, aurrekontuaren espedientea denen ikusgai egoteko Udaletxean, 15 lanegunetan, eta amezketar guztiek aukera eta eskubidea dute Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakiteko, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak egiteko.

 

2022rako horren aurrekontu haundia izatearen arrazoia da ekitaldi honetan egitasmo haundiak aurrikusten direla eta ekonomikoki jasota egon behar direla aurrekontuan, saneamendu eta bidegorriarena bereziki. Halere, zenbait egitasmoen zehaztapen ekonomikoak alda daitezke urtea aurrera joan ahala eta beste administrazioen erritmoaren baitan.

 

Aurrekontuaren egitura bi ataletan banatzen da: diru-sarrerak eta gastuak. Diru-sarreren atalari dagokionez, % 35 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datoz, % 23 inguru, beste administrazio publikoetako dirulaguntzetatik, % 21 udal zerga eta tasetatik, eta azkenik aipatu behar da, 2022ko Aurrekontuan mailegu operazio bat aurrikusi dela gastuen atala orekatzeko, sarreren %17koa. Amezketako Udalak ez du zorrik baina datozen azpiegitura estrategikoen gastuei aurre egiteko aukera hau jarri da udal aurrekontu berrian.

 

Aurrekontuaren gastuaren atalean, berriz, kapituloka proportzioak honakoak dira: % 22 udal langileen ordainsariei dagokio, ia % 20 ondasun eta zerbitzuei (argindarra, gasa, ura, bulego hornidurak, kontratu desberdinak, udal eraikinen mantenu gastuak, informatika, festa eta kultur ekintzen kontratazioa, eta abar luze bat), % 5 pasatxo diru transferentzia edo dirulaguntzak dira, hauen artean, Amezketako hainbat elkarte eta kirolariei edota eskualdeko beste erakundeei, eta azkenik, inbertsiotarako Aurrekontuaren % 52 erantsi behar zaio, Amezketako udal aurrekontuetan inoz izan den kopuru eta ehuneko haundiena.

 

Amezketako 2022ko Aurrekontuak hiru helburu edo ildo nagusi ditu. Lehenengoa, eta azken urteotan bezalaxe, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da, baina oraingoan Amezketan azken urteotako asmo handiko eta erronka garrantzitsuenari ekingo zaio, alegia, Amezketako saneamendu eta bidegorriari, herriarentzat estrategikoak diren bi azpiegitura. Bidegorriaren eta saneamenduaren lanak, dena ondo bidean, irailean hastekoak omen dira Aldunditik Udalari jakinarazi zaionez eta 380 mila euro aurrikusi dira 2022rako bidegorriari dagokionez. Aldiz, saneamenduaren atalean Udalaren eskumen eta ardura da, saneamenduko kolektore nagusiak egiten diren heinean, hauek etxebizitzekin lotzeko lanak egitea eta horretarako 320 mila euro aurrikusi dira.

 

Herriko beste azpiegituren hobetzeari dagokionez, azpimarratu behar dira, baitere, urte honetarako herriko jolastokiak estaltzeko eta kirol instalakuntza berri bat sortzeko asmoa dagoela, zehazki, rokodromo bat, eta guzti honetarako 90 mila euro bideratuko dira. Bestalde, Ugarte auzoan eremu bat egokitu nahi da, oraindik zehaztu gabe dagoena, aparkaleku bat jartzeko, eta horretarako 20 mila euro aurrikusi dira.

 

Bigarren helburua Amezketako Udalak herritarrei eskeintzen dizkien hainbat zerbitzuen kalitatea mantentzea da. Udalaren eskumena da zabor bilketa egitea edo gaztelekua eta jubilatuen txokoa bezalako zerbitzuak aurrera eramatea eta bakoitzari dagokion gastu kopuruaren bitartez zerbitzu horiek bermatzen dira, udal eraikinen mantenuaren bitartez edo ekintzak antolatuz.

 

Guztion ezagutzarako, beste zenbait udal zerbitzuen kostuen aurrikuspenak jartzen dira jarraian: 3. Adinekoen zerbitzuen atalean, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 14.000 €ko kostua du, eta jubilatuen txokoan ematen den zerbitzua eta 3. Adinekoen aisialdiko egiten diren hainbat ekintza 18.000 €ko kostua dute; Gazteleku, gazteri eta udako ludotekaren zerbitzuek aldiz 50.000 €ko kostua dute; urtean zehar Amezketan antolatzen diren festa eta ekitaldi kultural guztientzako 42.000 € bideratzen dira; eta azkenik, aipatu, Udalak euskeraren erabilera bultzatzen jarraitzen duela, eta ekimen eta dirulaguntza desberdinen artean 20.000 € inguru daude xede honetarako jasota.

 

Aurrekontuaren hirugarren ildo nagusia, landa eta natur eremuko baserri bide eta bestelako azpiegitura txikiei beharrezko mantenua egitea eta hobekuntzak ere egiten jarraitzea da, horretarako 197.000 € inbertituz, kopuru hauetan banatuta: baserri bideen konponketak, 100 mila € (luiziek sortutako kalteak ahal den neurrian gutxitzeko); Goilarre programa, 10 mila €; basogintzarren kudeaketarako 10 mila €, eta Zazpiturriko natur gunearen oneratzea, 77 mila €.

 

Azkenik, eta zuzenean Aurrekontuan islatuta egon ez arren, Aldundiaren eskutik datorren ekimen baten berri eman nahi da, Amezketan komunitate energetikoak eratzearen ekimena. Energia berriztagarrien aldeko apustu garrantzitsua egin nahi du Udalak eta udal eraikin eta Zumadi Eskolaren teilatuak erabili nahi dira eguzki plakak jartzeko eta  bide  batez  sortzen  den  energiaren  zati  bat  aipatu  komunitate energetiko horietan parte hartu nahi dutenen artean banatzeko. Aurrekontu baten kudeaketaren barruan gastuak aurreztea lanetako bat da eta ingurumenaren aldeko ekimena izan ez ezik, Aurrekontua modu eraginkorrean erabiltzeko ekimena ere bada. Hurrengo hilabeteetan honen berri ematea espero da.

 

Amaitzeko, beste behin Amezketako Udaleko arduradunek garbi daukate herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar dela, eta horregatik, atsegin haundiz, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko prest dago, hortaz, edozein amezketarri egiten zaion gonbitea, jakinmina izanez gero, udaletxera gerturatzeko eta behar dituen azalpen guztiak emateko.