Abenduan egitekoa bazen ere Antton Amondarain herritarrak idatzitako “Amezketa (1936-1945) Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena” liburuaren aurkezpena, datorren igandean egingo da, martxoak 19, Kultur Etxeko areto nagusian, eguerdiko 12:00etan.
Liburu honetan bildu dira Gerra Zibilak eta Gerra Ondorenak Amezken eragin zituen ondorio larrienak, eta hiru urtez aritu da gai hau ikertzen eta testigantzak biltzen Antton Amondarain egilea. Liburuarekin batera zenbait herritarrengandik jasotako testigantzak biltzen dituen USBa banatuko da. Testigantza asko Joxe Mari Oterminek 2006an jasotakoak dira, eta gutxi batzuk Anttonek berritan jasoak.
Etxe guztietara bidali da aurkezpen ekitaldi honetarako gonbidapena, eta gonbidapen hori aurkeztuta eskuratu ahal izango da liburua datorren igandeko ekitaldian bertan, edota hurrengo egunetan udal bulegoetan.
Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Anttoni amezketarron historia bildu eta denon eskura jartze aldera egin duen lan handiagatik. Gonbidatuta zaudete guztiok igandeko ekitaldira.