Azken hilabeteetan Udala herriko gazteekin lanketa egiten aritu da gazteek herrian izan beharreko paperaz, gazteen beharrez, herrian bertan ekintzak antolatzeari buruz… Lanketa honen baitan, Amezketako Gazte Taldea elkartea sortu dute gazteek. 16-30 urte bitarteko amezketarrei zuzendutako elkartea izango da hau, eta elkarte guztiek bezala, beraien estatutoak, junta, barne araudia… prestatu dituzte. Lanketa honen baitan etorri dira azken hilabeteetan gazteek antolatu dituzten hainbat ekimen: Oinatz Bengoetxearen partidua, zerbeza feria, udako futbol txapelketa… Herri txiki batentzat ezinbestekoa da herritarrek jarrera aktiboa izatea ekitaldiak antolatze aldera, eta Udalak modu ezin hobean baloratzen ditu gazteek antolatu dituzten ekintza hauek.

Gazteen beharrei buruz ere hitz egin da, eta Udalak 1.500 euroko diru laguntza eman dio gazteen elkarteari ekitaldi hauek antolatzen hasi ahal izateko. Honez gain, gazteek elkartzeko toki bat faltan botatzen dutela adierazi dute, eta horretarako, gaztelekua mediku etxeko eraikinera mugitu da, eta frontoi gaineko lokalean gazteei zuzendutako zerbitzu berria jarriko da martxan. Gazteek lokal hau erabili ahal izango dute beraien aisialdirako edota ekitaldiak antolatzeko. Erabilera hau modu zuzenean egin dadin, Udalak eta Amezketako Gazte Taldeak araudi bat prestatu dute lokalerako. Araudi honetan jasotzen da lokalaren erabiltzaileek errespetuzko jokaera izan beharko dutela bizilagunekin eta inguruko herritarrekin, eta gaueko 10etatik aurrera soinu muga ezarri da, bizilagunen artean eragozpenik ez sortzeko.

Gazteria teknikaria izango da zerbitzu honen koordinatzailea, eta gazteentzat Udaleko harremanetarako persona ere bera izango da. Zerbitzua erabili ahal izateko, 16-30 urte bitarteko amezketarrek eskaera orria bete eta zerbitzuko araudia onartzen duten agiria sinatuta entregatu behar dituzte Udal bulegoetan. Hilabete askotako lana izan da guzti hau, eta lanketa honetan parte hartu duten gazteen jarrera oso ona izan da. Jarrera  parte hartzaile horrekin jarraitzera animatzen ditugu!