Asteazkenean aurkeztu zen jendaurrean Beltzaren Plaza berritzeko proiektua. Gaur egun hormigoizko eremu grisa da plaza hau eta teniseko eta saskibaloiko pistek erabilera txikia dute. Ondoan dagoen parkea haur txikienentzat pentsatuta dagoenez, haur handiagoentzako aisialdirako gune bat prestatu du Udalak. Aisialdi gune berri honetan joango diren elementuak aukeratzeko, haurrekin eta gurasoekin parte hartze saioak egin dira, eta kirol anitzetako pista bat, skate park txiki bat, ohe elastiko bat eta egurrezko estrukturak jarriko dira.

Elementu berriak jartzeko garaia aprobetxatuko da eremu guztia “berdetzeko” eta atseginagoa egiteko, bertan dauden zorua, barandak, sareak… berrituz. Gainera, eserlekuak ere izango dira plaza berrian, landare eta loreak jartzeko ere balioko dutenak.

Proiektua prestatzeko garaian, kontuan hartu dira Arkaizpe tabernako terraza eta parke txikitik plaza aldera gaur egun jendeak egiten duen ibilbidea errespetatzea. Honez gain, plazaren azpian dauden garajeek urarekin dituzten arazoak ez areagotzeko, jarriko diren elementu berriak lurra zulatu gabe egingo dira: Barandak, skate-ko elementuak… jartzeko hormigoizko zapatak egingo dira adibidez eta egurrezko estrukturak eta ohe elastikoa jartzeko parkeetan erabiltzen den gomazko lurra jarriko da.