Aurtengo urtean herriko erlezain batzuen eskaeraz eta udalaren lankidetzarekin, liztor beltzaren aurkako ekimenei oihartzun gehiago ematen ari gara. Orain esan beharra daukagu, udaberrian egin zen tranpaketak herrian emaitza ikusgarriak eman arren, orokorrean, liztorra asko ugaritu delakoan daudela adituak. Horren adibide da, udalak dituen datuen arabera behintzat, aurten momentuz Amezketako lurretan jada liztor beltzaren 14 kabia desaktibatu direla.
Bestetik, espezie inbaditzailea izan ez arren, gizakiarentzat arriskutsu suertatu zitezken beste 4 Krabro liztorraren kabia ere desaktibatu dira. Izan ere, Krabro liztorra bertakoa izanagatik asko ugaritu da eta bere kabien presentzia gero eta gertuago daukagu gizakion bizileku, bide eta topalekuetatik.
Liztor beltz edo asiarrarekin eta Krabro liztorrarekin hainbat herritarrek susto haundiak izan dituzte. Ez da txantxetan ibili behar!
Uda lehor honek agian izango du zer ikusia guzti honekin, denborak esango digu. Lehorte honek, zuhaitzak hostoak lehenago galtzen hastea ekarri du. Horrekin batera, liztor asiarraren kabiak bistaratzen ere hasi dira. Hemendik aurrera, neguratzeko prestatzen dabiltz, hurrengo udaberrian esnatuko diren erreginak sortzen hasi dira. Beraz, berriro ere garai oso egokia da liztor asiar inbaditzailearen aurka gogor ekiteko.
Gure segurtasuna lehenetsiz eta egoera hau izanik, herritarrei dei egiten dizuegu, ikusi duzuen edo ikusten dituzuen kabien berri udaletxean emateko. Udalak protokolo bat dauka kabia hauek erregistratu eta ondoren desaktibatzeko.
Beste behin, herritarron lankidetza beharrezkoa delakoan mezu hau zabaldu nahi genuen.