Urtero legez, urte sasoi honetan, Udalek hurrengo ekitaldiko udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruan zenbait erabaki hartzen dituzte, herritarrengan eragin zuzena izan ohi dituztenak. Amezketari dagokionez, Udalbatzarrak, joan den irailaren 29an egindako bilkuran, ahobatez onartu berriak ditu 2023ko Ordenantza Fiskalak, behin behinekoz. Dokumentua jendaurrean ikusgai jarrita dago udaletxeko iragarki taulan udal eta web orriko iragarki taulan, edozein herritarrek 30 egun balioduneko epean egoki ikusten dituen alegazioak egin ahal izateko.

 

Esan bezala, Ordenantza Fiskaletan udal zergak eta udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoak aurrikusten dira, eta hauek Udal aurrekontuaren ohiko sarreren % 40 inguru suposatzen dute, hortaz bere garrantzia.

 

Azken urteotan egin izan diren ordenantza fiskaletan orokorrean KPIaren araberako igoera aplikatu da udal zerga eta tasetan. Aurten berriz, Amezketako udal-arduradunek, herritarrek prezioen garestitzea nozitzen dutela jabetuta, eta soldatak ez direla horrenbeste igo ikusita, KPIa (%10) igo beharrean, %1,5eko igoera aplikatuko da. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga aldiz izoztu egingo da, eta ez du igoerarik izango, udal-arduradunek lagundu nahi baitie herritarrei obrak edota berriztapenak egin ditzaten. Gogorarazi nahi dugu gainera 1980. urtea baino lehenagokoak diren etxe eta baserrietan obra eta berrikuntzak egiteko %50eko hobaria aplikatu zuela udal gobernuak, eta eguzki plakak jartzen dituzten etxeei ere %50eko hobaria aplikatzen zaiela ondasun higiezinen zergan eta instalazio zergan.

 

Udal zerbitzu publikoetan aplikatzen diren tasak ere orokorrean % 1,5 igoko dira, baina badira bi zerga suposatzen duten gastuaren eta tasetan biltzen denaren artean hutsune handiak dituztenak. Zaborren kasuan, zerbitzu honen kostua urtean 48.000€ ingurukoa da, eta zaborren tasetatik 17.000€ biltzen dira. Gastuen eta sarreren arteko diferentzia handiegia da, eta %1,5-eko igoera bakarrik aplikatzeak tarte hau handiagotu egingo luke, hurrengo urtean zerbitzuak udalarentzat izango duen kostua ere igo egingo delako, beraz, tasa honetan KPIaren araberako igoera aplikatuko da, behintzat gastuen eta sarreren arteko desoreka hau gehiago ez handitzeko.

 

Udalekuetako zerbitzuaren kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Haurren familien ekarpenak 3.700 €k izan dira guztira udara honetan, baina zerbitzuaren kosteak, begiraleen kontratazioa, ibilaldiak eta udalekuetako materialen erosketa, alegia, kopuru hori ia boskoizttu dute, aurtengoan udalekuetako gastu osoa 16.400 € ingurukoa izan baita.

 

Amaitzeko, aipatu Udalaren aldetik erabateko prestutasuna dagoela gai honetan Udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko.