Amezketako Udalak urtero egutegia ateratzen du amezketar guztien etxebizitzetan banatzeko. Aurtengoan ere, azken bi urteetan bezalaxe, eta argazki lehiaketaren arrakasta eta parte hartze haundia ikusirik, 2021ko udal egutegia osatzeko asmoz, hirugarrenez, argazki lehiaketa antolatu du, azaroaren 13a izanik argazkiak aurkezteko epea.

 

Iaz, 35 partehartzaileek 95 argazki aurkeztu zituzten, 2019an baino gehiago, eta iazko egutegiko argazkiak ikusita, nabaria da kalitate haundiko argazkiak aurkeztu zirela eta epaimahaiak zaila izan zuela irabazleak hautatzea.

 

Lehiaketaren oinarriak iazko berdinak dira: 14 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake eta gaia Amezketa da, bertako paisaiak, pertsonak, elementuak… Partehartzaile bakoitzak gehienez ere 3 argazki aurkez ditzake eta formatu digitalean aurkeztuko dira, eta gutxieneko kalitatea izan beharko dute, beraiekin lan egin ahal izateko. Argazkiekin batera informazio osagarri hau ere aurkeztu beharko da: Argazkia(k) non atera d(ir)en; egilearen izen-abizenak, telefonoa edo/eta helbide elektronikoa.

 

Hiru modutara aurkez daitezke argazkiak udaletxean: CDan, sobre baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin batera; pendrive edo USB batean, sobre baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin batera (pendrivea itzuli egingo da), eta posta elektronikoz, udala@amezketa.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera. 13 argazki sarituko dira eta sari bakoitza 50 €-koa izango da, eta argazki sarituekin 2020ko egutegia osatuko da.

 

Amaitzeko aipatu epaimahaia Alkateak, zinegotzi batek eta Zumadi Eskolako irakasle batek osatuko dutela, eta edozein zalantza argitzeko Udalera bertaratu, deitu (943 653189) edo email bat bidali (udala@amezketa.eus) daiteke.