Uztailaren 2an egun historikoa biziko dugu gure herrian. Egun horretan, Frantziako Tourra, nazioarteko kirol ekitaldi handienetako bat, Amezketako kale eta errepideetatik igarotzen ikusi ahal izango dugu. Munduko txirrindulari onenetakoak biltzen dituen tropelaz (euren taldeko autoek, motoek,… babestuta) eta lasterketa igaro aurreko publizitate-karabanaz gozatuko dugu. Azken batean, ordu luzez luzatuko den festa handia izango da udalerri osoarentzat, Gasteiztik atera eta Donostiara iritsiko den 2. etapan.

 

Horregatik, data hori erreserbatzera animatzen zaitugu, gure kale eta errepideetan Tourraren ikuskizunaz gozatzeko. Oso data berezia izango da, udalerriko memoria kolektiboan iraungo duena, eta bertako protagonista bihurtu ahal izango zara. Egun hori herriaren izenean bizitzera gonbidatzen zaitugu.

 

Amezketara Tourra Abaltzisketatik iritsiko da eta Alegiako bidea hartuko du, GI-2133 errepidean zehar. Antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, Tourreko txirrindulariak Amezketatik arratsaldeko 15:04 – 15:20 bitartean pasako dira, baina aurretik 13:20 aldera karabana publizitarioa pasatzen hasiko da. Antolatzaileek Udalari jakinarazitako informazioaren arabera, GI-2133 errepidea eguerdiko 11:30 – 12:00 aldera erabat itxiko da eta arratsaldeko 16:00 – 16:30 arte, gutxienez, ez da zabalduko.

 

Tarte horretan, txirrindulariaz gain, 600 bat ibilgailuk eta 200 bat motozikletek osatuko dute lasterketa, eta antolatzaileek garbi utzi nahi izan dute errepidea erabat itxiko dela esaten dutenean esan nahi dela errepidea ezin izango dela ezertarako gurutzatu, ez ibilgailuan ez eta oinez, eta larrialdiren baten kasuan, antolatzaileek horretarako protokoloa daukate. Ondorioz, Amezketa bitan banatuta geratuko da eta zati bakoitza itxita.

 

Herritarrei egoera hori jakinaren gainean jartzea komeni da, bakoitzak (partikularrak, taberna eta jatetxeak, enpresak) egun hori ahal duen ondoen antola dezan, erabaki dezan Tourra non nahi duen ikusi eta ordu horiek non nahi duen egon.

 

Datozen asteetan, Udalak berri gehiago jasotzen dituen heinean, herritarrei jakinaraziko zaie.

 

 

Bestalde, Antolatzaileek Udalari ere udalerrietako kirol-klub, -elkarte eta -entitateekin zein herritarrekin harremanetan jartzea eskatu diote, GRAND DÉPART PAYS BASQUE 2023 lasterketan parte hartzeko aukera eman diezaieten. Horrela, erakunde sustatzaileek sortu nahi duten TOUR LAGUNAK taldearekin egin ahal izango dute bat, hau da, errepideetako etapen ibilbidean egongo diren pertsonen taldearekin. Amezketan, hain zuzen ere, 12 puntu izango dira zaintzeko, eta hortaz, 26 Tour Lagun beharko dira.

 

Parte hartu nahi duten pertsona guztien izen-emateak eta kudeaketa-lanak egite aldera, plataforma bat sortu da TOUR LAGUNAK taldeko kide izateko alta eman dezaten:

https://letour.euskadi.eus/inicio/

 

Izen-ematea banaka egingo da, eta izena ematen duenari bizi den udalerriaz gain lasterketako zein puntuetan egon nahi duen galdetuko zaio, parte-hartzaile bakoitzari aukerarik onena eskaintzeko.

 

Plataforman, eskakizunei buruzko informazioa dago, bai eta TOUR LAGUNAK zer den azaltzen duen informazioa ere. Galderaren bat egin behar izanez gero, bide hauetatik jarri daikete gurekin harremanetan: tourlagunak@euskadi.eus, 625 709 994 eta 944 205 309.

 

Tour Lagunak erakartzeko epea ekainaren 1ean amaituko da, eta boluntarioak erakartzeko dagoen erronka oso garrantzitsua da. Hori dela eta, erakartzeko laguntza oro da garrantzitsua.