Martxoaren 13an, Amezketako Udalak, udal guztiak bezalaxe eta krisi sanitarioak eraginda, bere gain dituen zerbitzuak eten edo mugatu zituen. Geroztik hilabeteak pasa dira eta krisi sanitarioaren ondorioak, zorionez, leuntzen eta hobetzen joan dira eta aste hauetan deseskalamenduari ekin zaio.

 

Astelehen honetan, maiatzak 25, Gipuzkoa deseskalamenduaren bigarren fasean sartu da eta fase hau erregulatzen duen araudiak zenbait udal zerbitzu herritarrei zabaltzeko aukera baimentzen du. Honekin, Amezketako udal arduradunek ere nahia eta borondatea agertzen dute, egoera berezi honek dituen baldintza berezietan behintzat, zenbait udal zerbitzu jendaurrera zabaltzeko, zehazki eta oraingoan, udaletxea, liburutegia eta gimnasioa.

 

Aste honetatik aurrera, udaletxea eta bertan ematen diren bi zerbitzu nagusiek, hau da, udal bulego nagusia eta udal gizarte zerbitzuak, ohiko ordutegia berreskuratzen dute eta herritarrak bertara hurbildu ahal izango dira. Higiene neurriekin kunplitzeko bi itxaroteko gela egokitu dira, bata bulego nagusirako (bulego nagusiaren sarreran) eta bestea gizarte zerbitzuetarako (igogailuaren ondoan), eta aulkiak distantziak gordetzeko disposizioan jarri dira. Derrigorrezkoa izango da, udaletxeak herritarrak atendituak izateko garaian, ondorengo higiene neurriak derrigorrez kunplitzea:

  • – udaletxean sartzean musukoa edo maskarilla jarrita eraman beharko da.
  • – eskuak itxaron geletan egongo diren gelarekin garbitu beharko dira.
  • – udaletxe guztian eta itxaron gelatan eta bulegoetan distantziak gordeko dira.

 

Gogoratu, dena dela, Udalak telefonoz eta modu telematikoan herritarrak artatzeko aukera ematen duela eta modu eraginkor, arin eta erraza direla kanal hauek udal izapide asko egiteko.

 

Udal liburutegia, ostegun honetan, maiatzak 28, berriro irekiko da herritarrei ohiko ordutegian, bai liburuen mailegu zerbitzua emateko eta baitere liburutegian bertan egoteko, haurrentzako eremua ezik. Baitere, ikasketa gela bezala erabiltzeko zerbitzua ere abiarazten da. Halere, garrantzitsua da adieraztea liburutegiaren barruan lekuaren okupazioaren herena bakarrik baimentzen dela, eta udaletxera sartzeko bezalaxe, ondorengo neurriak bete beharko dira:

  • – Kultur etxean sartzean musukoa edo maskarilla jarrita eraman beharko da.
  • – eskuak liburutegian egongo den gelarekin garbitu beharko dira.
  • – Kultur etxe guztian distantziak gordeko dira.

 

Ekainaren 1ean gimnasioa ere bazkideei zabalduko zaie, ohiko ordutegian baina erabilpen baldintza berriekin. Fase honetarako araudiak kirol instalazioen okupazioa herenean baimentzen du, beraz, gehienez hiru pertsona egon daitezke batera gimnasioaren barruan eta bi makina erretiratu egingo dira distantziak gordetzeko asmoz.

 

Era berean, beharrezkoa izango da higiene bi neurri hauek betetzea:

  • – Kirol saioa hastean, eskuak bertan egongo den gelarekin garbitu beharko dira.
  • – Makina bakoitzean kirol saioa bukatu ondoren, bertan egongo den desinfektantearekin erabilitako makina bakoitzeko euskarri eta eskubandak pasa beharko dira.

 

Gimnasioaren kasuan ez da erabilerarako denbora mugarik ezartzen, ez eta ez da zehaztasunean okupazioa begiratuko, horregatik erabiltzaile bakoitzari erantzukizuna eta ardura eskatzen zaio.

 

Azkenik, esan behar da, bai udaletxean bai kultur etxean, ahal dela, eskailera erabili beharko dela, eta igogailuaren erabilera ezinbesteko gutxienekora mugatu beharko dela, pertsona bat gehienez okupatuz, salbu laguntza behar duten pertsonen kasuan.