Gaur hasi dira Amezketako kale-argiteria osorik berritzeko azken lanak, “Amezketako kale-argiteria publikoa berriztatzeko bigarren fasea gauzatzeko proiektua” izeneko kontratuaren esleipenaren ondorioz. Udalak LOYOLA NORTE, S.A. enpresari esleitu dio egitasmoaren exekuzioa, 56.115,84 euroko (gehi 11.784,33 euroko BEZ) aurrekontuarekin. Kontratuak 10 urteko bermea jasotzen du, eta lanak burutzeko epea 3 hilabetekoa izango da, Baldintza Administratibo Partikularren eta Baldintza Teknikoen Orriak eta esleipendunaren proposamena kontuan hartuta.

Kontratuaren hasiera-data apirilaren 9a izan zen, eta, beraz, epearen barruan aurkitzen dira oraindik. Proiektu honetan, 60 argiztapen-zutaberen ordezkapena egingo da; kasu honetan, 4 metroko zutabe berriak jarriko dira. Halaber, 3 beso-unitate instalatuko dira, argiztapenaren efizientzia eta estaldura hobetzeko helburuarekin.

Lan hauekin amaiera emango zaio 2020an abiatu zen kale-argiteriaren eraberritze prozesuari. Lehen fasean hainbat gunetako farola zaharrak ordezkatu ziren LED teknologia darabilten instalazio berriekin, energia-eraginkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatzeko. Bigarren fase honek, berriz, oraindik ordezkatzeke zeuden puntu guztiak hartzen ditu barne, eta guztira 3.500 kWh-ko urteko aurrezpena ekarriko du, tona bat CO2 isuri gutxiago sortuz.

Aldaketa guztiak amaitutakoan, Amezketako kale guztiek izango dute kalitatezkoa, efizientea eta jasangarria izango den argiztapen sistema bat.