Herrian mugimendua eta elkar topatzea bultzatzeko asmoz, herri-kirol saio berezi batzuk jarriko dira martxan. Saio hauek gazte ez diren emakumeei zuzenduak daude bereziki, adin ertain edo helduagoan dauden eta kirol ohiturarik ez duten emakumeentzat, alegia.
Ez da inolako prestaketa edo esperientzia berezirik behar. Saioak guztien gaitasunetara egokituko dira, bakoitzak bere erritmoan parte hartzeko aukera izan dezan, presiorik gabe eta giro atsegin batean. Helburua ez da lehiatzea, baizik eta mugitzea, norberak bere burua hobeto sentitzea eta lagunarteko dinamika sortzea.
Herri-kirolekin lotutako jarduerak egingo dira, era dibertigarrian eta elkarlanean, gorputza astintzeko eta egunerokotasunetik apur bat irteteko.
Interesa duen orok, Udaletxeko telefonora deituta, eman dezake izena.
Ez da adinik, ezta egoera fisiko jakinik behar parte hartzeko. Mugimendua osasuna da, eta elkartzea, bizipoza. Zatoz probatzera!