Amezketan 2025ean jaiotza kopurua ohikoa baina handiagoa izan denez, herriko haurreskolaren eskaera nabarmen handitzea aurreikusi da 2026-2027 ikasturterako. Izan ere, 2025ean jaiotako haurrez gain, 2026an jaiotako hainbat ere Haurreskolak Partzuergoako zerbitzura etorriko direla aurreikusten da, eta egungo hamar plazak nahikoak ez izateko aukera dago.
Egoera horri aurrea hartzeko asmoz, Amezketako Udala 2025ean hasi zen haurreskola handitzeko beharrezko izapideak egiten. Udalak elkarlanean jardun du bai Haurreskolak Partzuergoarekin bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta handitze proiektuak bi erakundeen oniritzia jaso du dagoeneko.
Une honetan handitze lanak martxan daude, eta datozen asteetan amaitzea aurreikusten da, haurreskolak herriko familien beharrei erantzuteko gaitasun handiagoa izan dezan.
Bestalde, irailerako egin den lehen matrikulazio epean hamar familia inskribatu dira dagoeneko; ondorioz, gaur-gaurkoz plaza guztiak beteta daude. Hala ere, egiten ari diren handitze lanei esker, irailean bertan eta ondorengo hilabeteetan egingo diren matrikulazio berriei erantzuteko adina leku egongo da.

