Herritar estimatuak:

 

Asteak aurrera doaz eta koronabirusak sortutako berrogeialdi honetan berrogei egun pasatxo daramazkigu etxean.

 

Denok nekatuta gaude eta etxetik ateratzeko irrikaz baina oraindik ez da momento hori iritsi, oraindik gaixoak daudelako eta heriotzak gertatzen ari direlako.

 

Halere, aurrera goaz eta oraingoan Espainiako gobernuak igande honetatik aurrera 14 urtetik beherakoek etxetik ateratzeko aukera eman du. Neurri honen inguruko xehetasunak hauek dira, laburrean:

 

– Haurrek ordubete egon ahal izango dute etxetik kanpo, goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara, gehienez etxetik kilometro batera urrunduz.

 

  • – Haurrak heldu arduratsu batekin atera ahal izango dira. Heldu hori adin nagusikoa izango da, eta haurrarekin bizi dena etxebizitza berean. Pertsona hori gehienez ere hiru haurrekin atera ahal izango da aldi berean, eta eskatutako segurtasun-distantzia 2 metrokoa izango da beti.

 

  • – Haurrek jostailuak etxetik atera ahal izango dituzte (baloiak edo patinak, adibidez). Erabilera publikoko edozein bide edo eremutatik zirkulatu ahal izango da, baimendutako naturgune eta berdeguneetatik barne, baina gogoan izan jolas-parkeak itxita daudela.

 

  • – Irteerak modu mailakatuan egiteko eskatzen da, haur guztiek ordu berean leku berean bat egin ez dezaten, kutsatzeak ekiditeko helburuz.

 

  • – Landa eremuan bizi diren haurrek ere ordubetez atera ahal izango dute, etxe inguruan gehienez kilometro bateko eremuan, guraso edo beraiekin bizi den adin nagusiko batek lagunduta.

 

  • – COVID-19ren diagnostiko baten ondorioz sintomak dituzten edo etxean isolatuta dauden haurrek ez dute etxetik irten behar, ezta COVID-19ren sintoma edo diagnostikoa duen norbaitekin kontaktua izateagatik etxean berrogeialdian daudenek ere.

 

  • – Azkenik, garrantzitsua da adituek neurri horiek haurrei modu ulergarrian azaltzeko emandako gomendioari jarraitzea.

 

Arren, haurrak dituzuenei arduraz jokatzeko eskatzen dizuet, denori mesede egingo baitiogu.

 

Gobernuaren Ordenaren testua jarraian agertzen da: BOE-A-2020-4665

 

Besterik gabe, agur bero bat eta elkar zaindu dezagun.

 

Amezketan, 2020ko apirilaren 25ean.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

Alkateak.