Otsailaren 23an Kultur etxean Amezketan Tokiko Energia-Komunitatea eratzeko lehen bilera informatzailea egin zen. Bilera horretara ia 40 bat lagun hurbildu ziren eta bertaratutakoen hainbat galderei erantzuna eman zitzaien. Egun horretan epea zabaldu zen aurre-inskripzioa egiteko horretarako prestatutako web orrian eta 30 bat lagunek izena eman zuten.

 

Aste batzuk beranduago Tokiko Energia Komunitatean izena eman eta bazkide izateko epea zabaldu zen, eta geroztik, 47 bat herritarrek eman dute izena. Kopuru hori txikia da Amezketan 300 bat fakturen titularrek baitute eskubidea Komunitatearen parte izateko (Udaletxetik eta Zumadi eskolatik 2 kilometrotako radioan daudenak) eta horrek dakarren deskontua izateko argindarraren fakturan.

 

Beraz, herritarrak animatze aldera eta izen-ematea errazteko, etxez-etxe inprimakia banatu da bazkide bezala izena emateko. Bertan agertzen diren datuak beteta eta sinatuta Udalera ekarri daiteke eta Udalak bideratuko du bazkidetza. Hona hemen ere inprimakia: Izen-emate orria

 

Gogoratu bazkide izatea dohainik dela eta bazkide izan daitezkela partikularra eta baita ere Amezketako denda, enpresak eta langile autonomoak.

 

Eta noski, esan gabe doa edozein zalantza argitzeko Amezketako Tokiko Energia Komunitatearen web orrian agertzen den 948 987 232 telefonora deitu (https://www.tekgipuzkoa22.eus/amezketa/eu/) edo Amezketako Udalera deitu edo bertaratu daitekeela.