Amezketako San Bartolome festak ostegunean hasiko dira, eta aurten txupinazoak protagonista bereziak izango ditu: herriko kirolariak.
Azken urteotan Amezketan kirolari ugari ari dira lorpen esangutatsuak izaten, eta herriaren izena Euskal Herrian zein kanpoan zabaltzen ari dira. Herriaren aldetik aitortza egin eta harrotasun hori festetako hasieran ere islatu nahi izan dugu
Horregatik, aurten herriko kirolariak udaletxeko balkoira gonbidatu ditugu, eta beraiek izango dira San Bartolome festei hasiera emango dien txupinazoa botako dutenak.
Kirolari bakoitzak bere diziplinan Amezketaren izena lau haizetara zabaltzen duen bezala, festetako lehen unean ere herrian dugun kirol maila erakutsi nahi dugu.
Beraz, abuztuaren 20an, festen hasieran, Amezketako kirolariak izango dira protagonista. Balkoian elkartu eta herritar guztiekin batera emango diogu hasiera San Bartolome festei.
Zorionak egiten ari zareten lanagatik, eta eskerrik asko Amezketaren izena hain urrun eramateagatik!

