Amezketako herriko jaietako lehen egunean, iluntzeko 20:00etan, une berezia biziko da: herriak bere historiako lehenengo bi erraldoiak aurkeztuko ditu herriko plazan. Orain arte Amezketak ez du erraldoirik izan, eta aurten, lehen aldiz, Pernando Amezketarra eta haren emazte Joxepa izango dira herriko jaietako protagonistetako batzuk.

Bi erraldoiak Amezketako Elordi Jubilatuen Elkarteko kideen ekimenaren emaitza dira. Elkarteak, Udalarekin elkarlanean, iaz hartu zuen lehenengo bi erraldoiak egiteko ardura, eta urtean zehar prozesu osoa gidatu du. Gainera, erraldoientzako jantziak ere elkarteko kideek eurek josi dituzte, eta Txus izan da erraldoiak egin dituen artista.

Ekimenak Elordi Jubilatuen Elkarteak herrigintzan parte hartzeko duen borondatea ere erakusten du. «Jubilatuta bai, baina geldirik ez» leloari jarraituz, elkarteko kideek herriari ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute, besteak beste, hitzaldiak antolatuz, antzerkia sortuz eta, oraingoan, Amezketako lehenengo erraldoiak eginez.

Hasieratik argi izan zuten erraldoiek Amezketako historiarekin lotura izan behar zutela. Horregatik aukeratu zituzten Pernando Amezketarra eta Joxepa, udalaren onespenarekin, herriko jaietan parte har dezaten.

Haurrak ere aurkezpenaren protagonistak

Lehenengo erraldoien aurkezpena herriko haurrentzat ere une berezia izatea nahi dugu. Horregatik, herriko haurrak ekitaldiaren parte izatera gonbidatu nahi ditugu. Haiek prestatutako pasiloan barrena egingo dute Pernando Amezketarrak eta Joxepak plazarako sarrera, eta haurrek beraiek izango dute lehenengo erraldoiei ongietorria emateko aukera.

Jaietako lehen egunean egingo da aurkezpena, Ikaztegietako dultzaina musikariekin batera. Herritar guztiak gonbidatuta daude une berezi honetara, eta, bereziki, etxeko txikienak animatu nahi ditugu ekitaldian parte hartzera.

Bestalde, orain dela aste batzuk herrian antolatu zen Buruarinak egiteko ekimena, bertan egindako eskulanak erraldoiekin batera erakustea ere polita izango da, beraz, animatu denok!!