2025ean Amezketan izan genuen jaiotza-tasa altuak hausnarketarako bidea eman zigun. Datu horren aurrean, Udaletik etorkizunera begiratu eta herriko familien beharrei nola erantzun aztertzen hasi ginen. Hausnarketa horretan, argi ikusi genuen Haurreskolaren espazioa handitzeko beharra zegoela.
Orain arte, Haurreskolak zuen espazioarekin, 0-1 eta 1-2 urte bitarteko haurrentzat 10 plaza genituen. Herrian behar handiagoa genuela ikusita, konponbidea bilatzeari ekin genion.
Horretarako, Haurreskolak orain arte erabiltzen zuen eremuari ondoko lokala gehitu diogu, eta horretarako beharrezko obrak egin ditugu. Horrela, Haurreskolaren espazioa handitu eta plaza kopurua nabarmen areagotzea lortu dugu.
Lan eta izapide guztiak egin ondoren, Hezkuntza Sailak Amezketako Haurreskolaren espazio eta antolaketa berriari baimena eman dio. 2026-2027 ikasturtetik aurrera, Haurreskolak 0-1 urteko 8 ikaspostuko unitate bat eta 1-2 urteko 13 ikaspostuko beste unitate bat izango ditu: guztira, 21 plaza.
Beraz, 10 plazatik 21era igaroko gara. Hau da, herriko Haurreskolaren edukiera bikoiztera baino gehiago handituko da, eta Amezketako familiek plaza gehiago izango dituzte eskuragarri.
Udaletik argi genuen: 2025eko jaiotza-tasa altuak erakutsi zigun behar bat bazegoela, eta behar horri konponbidea ematea tokatzen zitzaigun. Horregatik egin dugu inbertsioa, horregatik egin ditugu obrak, eta horregatik egin ditugu beharrezko izapide guztiak.
Herrian behar bat antzeman, konponbidea bilatu eta gauzatu. Hori da egin duguna.
Amezketako familien beharrei erantzuten jarraituko dugu, herrian bizi, hazi eta etorkizuna eraikitzeko baldintza hobeak sortuz.






