Herritar guztioi, agur:
Amezketako Udalaren proiektu berri baten berri ematera gatozkizue. MEMORIA HISTORIKOA berreskuratzeko ahaleginean, pauso berri bat ematera goaz. Hau da, GERRA ZIBILA eta LEHEN FRANKISMOA aztertzera goaz Aranzadi Elkartearen laguntzarekin.
Garai horietan amezketar askok latz sufritu zuten: behartuta gerrara joan beharra izan zuten, han zaurituak izan ziren eta, gogorragoa dena, beste gazte askok bizia galdu zuten, euskaltzale izateagatik mota guztietako injustiziak jaso zituzten (isunak, desjabetzak, lanpostu galtzeak…)
Hori guztia, gerra arrazoirik gabe piztu eta irabazi zutenak ezkutuan eta isilpean gordetzen saiatu ziren. Beraz, gure lana izango da gertaturiko guztia ARGITARA ateratzea eta sufritu zutenei nolabaiteko ERREPARAZIO PUBLIKOA eskaintzea.
Lan hori behar bezala egiteko, artxiboetako agiriez gain, herritar guztion oroitzapenak, testigantzak, argazkiak behar ditugu. Beraz, zuen denon laguntza behar dugu. Izan ere, tamalez, garai haietako protagonistak falta baitzaizkigu. Hori dela eta, joan zaitezte gai horretaz zuen artean hitz egiten, oroimenean gordeta dituzuen testigantzak birgogoratzen eta argazkiak jasotzen, aurrerago emango dizuegu-eta, hori guztia guri eskaintzeko aukera egokia.
AMEZKETAKO UDALA