Larrondoko basoetan bertako basoa berreskuratzeko eta biodibertsitatea handitzeko egiten ari garen lanen baitan, Zumadi Eskolarekin elkarlanean egindako proiektu berezia gauzatu da.
Udalak baso-berritze lanak burutu ditu Larrondoko eremu batean, bertako pagadi berria sortzeko helburuarekin. Horretarako, lehendik zeuden pinuak kendu dira eta biodibertsitatea sustatzeko hainbat jarduera egin dira, besteak beste, zuhaixka autoktonoen landaketak eta perretxikoen ekoizpena bultzatzeko inokulazio-lanak.
Proiektu honi jarraipena emanez, Zumadi eskolako ikasleek saguzaharrentzako babes-kutxak egin dituzte, eta elementu horiek basoan jartzeko jarduna antolatu du Udalak.
Irteera datorren astelehenean, abenduaren 8an, egingo da, goizeko 09:30ean San Martindik abiatuta. Larrondoko basoan egindako lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, eta, bide batez, ikasleek egindako saguzaharrentzako babes-kutxak jarriko dira. Irteera San Martinen amaituko da.
Parte-hartzaileei arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen zaie, baita hamaiketakoa ere.

