Duela egun batzuk, konkretuki urrian, ELORDI Jubilatu Elkartearen eta Amezketako Udalaren artean antolatuta, AURRETIAZKO BORONDATE AGIRIAZ (Testamento Vital) hitzaldi interesgarri bat eskaini zigun Olaia Arana Gizarte Laguntzaileak.

Ohikoa da gugan, hiltzen garenerako, gure ondasun apurren edo askoren banaketa nola izatea nahi dugun notarioari adieraztea;  hau da, testamentua egitea.

Horrezaz gain baita ere, gaur egun garrantzizkotzat jotzen da, heriotzaz hitz egiteak askori hotzikara ematen badigu ere, ezinduta eta hil zorian garenean nola zainduak izan gaitezen adierazten duen agiria aurrez idatzita uztea. Beraz, une larriak iristen zaizkigunerako, ondo gaudenean eta asko pentsatuta noski, gure nahia  idatzita uzten badugu, oso lagungarri izan dakieke gure inguruan diren seme-alaba eta senideei.

Jakin badakigu herritar batzuek, hitzaldiaren ondoren udal bulegoan edota Larraitz Gizarte Laguntzaileari eskatuta,  jaso dituztela agiri horiek eta eraman dituztela etxera (irakurtzeko, pentsatzeko eta betetzeko). Badakizue agiri horri buruzko zalantzak argitzeko jo dezakezuela Tolosako anbulatoriora, baina ona da baita ere zuek jakitea anbulatorioan itxaron zerrenda oso luzeak daudela, askok eta askok bete nahi baitute agiri hori, eta horrek zailtzen eta denboran atzeratzen duela neurriz gain  prozesua.

Horregatik, Aurretiazko Borondateen agiri hori bete nahi duzuenoi zera adierazi nahi dizuegu: zalantzarik baduzue, zerbait ulertzen ez duzuelako-edo, edota dagoeneko beteta baduzue, Amezketako gizarte laguntzailea prest duzuela behar duzuen laguntza eskaintzeko eta agiria bete ondoren OSAKIDETZAra Udalaren bidez bideratzeko, zuek etxetik eta herritik mugitu gabe.

Beraz, prozesua erraztu nahi baduzue, bi proposamen: bat, aurrez esan bezala, deitu Larraitzi berari eta emango dizute hitzordua; bi, taldetxo batek nahiko balu, Olaia Arana ere gustura etorriko litzateke,  kafetxo bat hartuz, gure zalantzak argitu eta zuen agiria behar den lekura bideratzeko.

 

AMEZKETAKO UDALA

ELORDI JUBILATUEN ELKARTEA