Herritar estimatuak:

 

Dagoeneko jakina den bezalaxe, Espainiako gobernuak, bihartik aurrera, maiatzak 11, Euskadiko Erkidego Autonomoa 1 Fasera pasatzea erabaki du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ere 1 Faserako zenbait arau berezi ezarri ditu, gipuzkoarron mugikortasunean eragin berezia izango dutenak.

 

1 Fase honetan zabaltzen diren neurriak asko dira, jarduera ekonomiko askori eragiten baitie, baina jarraian amezketarrontzat bereziki baliagarriak direnak azalduko dira, eta amaieran, 0 Faserako egin zen bezalaxe, eskuragarri jarriko dira ofizialki argitaratutako xedapenak.

 

Lehena, eta pertsonei dagokienez, urruntze soziala (2 metroko distantzia) eta higiene pertsonaleko neurriak hartzen jarraitu behar da. Gune itxietan gehienez ere 10 pertsonako taldeak biltzeko aukera dago eta maskara erabiltzea beharrezkoa da.

 

Bigarrena, eta mugikortasunari dagokionez, norberaren udalerriaren barruan egoten jarraitu beharko da, eta gehienez, kirola egiteko orduan, ondoko udalerrira joan daiteke. Ibilgailuetan joateko baldintzei buruz, esan etxebizitza berekoak joan daitezkela plaza guztiak okupatuz eta maskara gabe. Etxebizitza berekoak ez badira, ibilgailuaren fila bakoitzean bi pertsona joan daitezke, baina maskarak erabiliz.

 

Hirugarrena, eta merkataritzari dagokionez, saltoki txikiak irekitzeko aukera izango da (400 m2 baino gutxiagoko azalera dutenak) edukiera mugatuekin eta saltzaileen eta bezeroen arteko segurtasun-tarteekin. Kasu hauetan ez da txandarik eskatu behar.

 

Laugarrena, eta ostalaritza eta jatetxeei dagokienez, irekiera murrizketekin izango da, hau da, terraza zerbitzua bakarrik ohiko mahaien % 50ekin, mahaien eta bezero-taldeen arteko bi metroko gutxieneko distantziarekin, eta gehienez hamar lagunekin. Janaria, berriz, establezimenduan jasotzeko edota bizilekura eramateko aukera egongo da, aurreko astean bezlaxe, eskaera egin ondoren.

 

Bosgarrena, eta eraikunza jarduerari dagokionez, etxebizitzetan birgaitze-obrei berriz ekiteko aukera dago, segurtasun- eta osasun-protokoloen jarraipen zorrotzarekin.

 

Seigarrena, eta garraio publikoari dagokionez, maiztasunak % 100ean igoko dira eta bidaiari kopurua autobús bakoitzeko % 60 izango da. Maskara nahitaez erabili beharko da.

 

Zazpigarrena, eta aisialdia eta kirolari dagokienez, joan zen astean bezalaxe jarrai daiteke, egun guztian zehar baina adin bakoitzarentzako denbora mugakizunekin eta segurtasun-baldintzetan. Federatuak dauden kirolariei ohartarazten zaie egunean bitan egin dezaketela kirola eta espazio irekietan bakarrik.

 

Azkenik, jakinarazten da Tolosaldeko Mankomunitateak etenda zituen bi zerbitzuak berreskuratzen direla, batetik, Andoain eta Tolosako Garbiguneak partikularrentzat ere zabalduko dira, ohiko ordutegian, eta bestetik, traste zaharren bilketa zerbitzuari berrekingo zaio. Dena dela, gogoratu behar da ezin dela beste udalerri batera joan beraz traste zaharren bilketari itxarotea eskatzen da, Amezketan, maiatzaren 18an izango dena.

 

Gobernuaren Ordenaren testua jarraian agertzen da: BOE-A-2020-4911

 

Amaitzeko, beste behin ere, gogoratu nahi dizuet arauak kunplitzea beharrezkoa dela denon osasunerako. Pandemia hau ez da oraindik amaitu eta gaixotzeko arriskuak ez dira desagertu, izan ere, azken egunetan Tolosaldean kontagioak gertatu dira, ostiralean 6 eta larunbatean 4, hain zuzen, eta beraz, ez dugu atzera egin behar.

 

Besterik gabe, agur bero bat eta elkar zaindu dezagun.

 

Amezketan, 2020ko maiatzaren 10ean.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

 

Alkateak.