Herritar estimatuak:

 

Bihartik aurrera, maiatzak 25, Euskadiko Erkidego Autonomoa 2 Fasera pasako da. 2 Fase honetan zabaltzen diren neurriak asko dira, jarduera ekonomiko askori eragiten baitie, baina jarraian amezketarrontzat bereziki baliagarriak direnak azalduko dira, eta amaieran, aurrekoetan bezalaxe, eskuragarri jarriko dira ofizialki argitaratutako xedapenak.

 

Mugikortasuna eta ordu-tarteak: mugikortasunerako gaur egun dauden ordu-tarteak ezabatuko dira Gipuzkoako herri guztietan. Jarduera fisikoa edozein ordutegitan egin badaiteke ere, komenigarria izango da 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian kirola egitea saihestea, ordutegi horiek 70 urtetik gorakoentzat eta kolektibo zaurgarrientzat izango baitira.

 

Lurralde-mugikortasuna: pertsonen mugikortasuna mugagabea da lurralde historiko bakoitzean. Era berean, lurralde historikoen arteko mugikortasunak mugagabea izaten jarraitzen du adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan-arrazoiengatik, baina lurraldeen arteko mugikortasun-mugari eusten zaio aisia-arrazoiengatik.

 

15 pertsona arteko bilerak etxeetan edo gune itxietan: 15 pertsona arteko bilerak egin ahal izango dira (familian edo lagunartean) etxebizitza partikularretan, lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gune irekietan. Topaketa horiek osasun-agintariek gomendatutako distantzia- eta prebentzio-baldintzetan egin beharko dira.

 

Ostalaritza, Jatetxeak eta Saltokiak: ostalaritza-establezimenduen jarduera berrabiaraziko da barruko espazioan, eta terrazen jarduerarekin jarraituko da. Bi kasuetan, gehieneko edukiera% 50ekoa izango da, eta bi metroko tartea egongo da mahaien artean edo mahai multzoen artean. Establezimenduetan artatutako pertsonek eserita egon beharko dute beti.

 

Elkarte gastronomikoak eta txokoak: elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, gehieneko %50eko edukierarekin eta bi metroko tartea egongo da mahaien artean edo mahai multzoen artean eta garbiketa eta desinfekzioan hostalaritzaren arautegi berbera bete beharko dute.

 

Kultura- eta aisialdi-jarduerak: Kultura- eta aisialdi-jarduera espazio itxietan berrezarriko da, museotan %50arteko edukierarekin eta heren bateko edukierarekin, kultur etxe, antzoki eta zinematan 50 pertsonako gehiengoarekin.

Espazio irekietan, gehienezko edukiera heren batekoa izango da, 400 pertsonako gehiengoarekin. Publikoa eserita, eta beti bermatuko dira distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak beteko dira.

 

Turismo aktiboa eta natura: Turismo aktibo eta naturalarekin berriro hastea baimenduko da, gehienez 20 pertsona arteko taldeetan.

 

Hezkuntza: DBHko 4. maila edo Helduen Hezkuntzako baliokidea, Batxilergoko lehen eta bigarren maila eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztietan aurrez aurreko irakaskuntza- eta hezkuntza-jarduerari berrekitea, bai eta azterketak egitea ere. Era berean, ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriro lanean hastea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egiteko.

 

Aipatu neurrien arautegia ondorengoa da: Estatuko Ordena 2 fasea eta EJ Dekretua 2 fasea

 

Bestalde oso garrantzitsua da gogoraraztea norberaren ardura eta erantzukizuna. Horregatik, eta beste behin ere, adierazi behar dira ondorengo babes-neurriak betetzearen garrantzia:

  • – Bi metroko segurtasun-tartea uztea.
  • – Maskara erabiltzea bi metroko tarte hori utzi ezin denean.
  • – Eskuak sarri garbitzea.
  • – Sarri ukitzen diren gainazalak ahal dela ez ukitzea.
  • – Eta arriskuko kolektiboekin, hau da, arriskuko pertsonekin, haurdun dauden emakumeekin eta aurretik gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin, kontu handiz ibiltzea.

 

Asteak aurrera joan ahala, deseskalamendu neurriak ere aurrera doaz, denon onerako eta itxaropenerako. Ildo horretan, hurrengo egunetan Amezketako Udalak ere zenbait udal zerbitzuen irekiera ere iragarriko du.

 

Besterik gabe, agur bero bat eta elkar zaindu dezagun.

 

Amezketan, 2020ko maiatzaren 24an.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

 

Alkateak.