Ikasturte honetan zehar, Zumadiko LH6ko ikasleak tomate hazi ezberdinak modu ezberdinetan erein eta hauen garapena nolakoa zen ikusteko poriektu batean buru belarri aritu dira. Helbide honetan entzun dezakezue Euskadi Irratiko Landaberri saioan egin zieten elkarrizketa 11:30 minututik 31:00 minutura bitartean:

https://www.google.es/amp/s/amp.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/landaberri/audioak/osoa/8647912/amezketako-zumadi-eskolako-baratzea-eta-innova-lehiaketa/

Aste honetan, landare hauetako batzuk Gurutze Gorriko kideei eman dizkie LH6ko ikasleek Tolosako baratze komunitatean jartzeko:

Orain, mezu hau bidali dute eskolatik, herri guztian zabaltzeko:

“Kaixo,

LH6ko ikasleak gara, urrian tomate haziak atera genituen, ilusio eta esperantza handiak genituen, eta gure pozerako landare ugari eman dute. 

Tomate desberdinak ekarri genituen gelara: pera tomatea, Ibarrakoa, Aretxabaletakoa, cherry tomatea, Buztintxulo Errenterikoa, Eskulentu Abaltzisketakoa eta baita Amezketako Loilakoa ere. Modu ezberdinetan haziak atera eta era ezberdinetan lehortu genituen.

Otsaila aldera hazi batzuk erein genituen eta beste batzuk martxoan.

Hazi horietatik landare ugari atera da eta orain landare horiek ontzi handiagoak edo baratzak  behar dituzte tomate fruitu ederrak emateko. Bakoitzak bere etxeetara nahikoa eraman ditugu, eskolako beste geletan ere eskeini ditugu, Tolosako baratze komunitariorako ere Gurutze Gorriari eman dizkiogu batzuk. Eta hala ere, soberan dauzkagu!               Horregatik ostegun honetan, maiatzaren 26an 16:15etan, eskolako atarian jarriko ditugu gure tomate kuttunak Amezketako jende guztiaren eskura. Nahi dituenak hartu, aukera polita izango du eta aprobetxatu, ez dugu tomate landare hauek alperrik galtzerik nahi eta!

Gehienez bakoitzak 4 bat hartzeko aukera izango du (150 landare inguru ditugu banatzeko, batzuk besteak baino handiagoak, baina gelan utziz gero, galtzeko arriskua dute).

Animatu, zain egongo gara!

LH6-ko ikasleak”

Lan polita Zumadi eskolako ikasleak egiten ari direna!! Mila esker!!