Herritar estimatuak:

 

Amezketan koronabirusean positibo eman duen herritar bat hil dela jakinaren gainean jarri nahi zaituztet. Herritar guztien izenean gure doluminak familiari, bihotz bihotzez.

 

Koronabirusagatik egunotan bizi dugun krisi egoera hau ez da txantxetakoa (Euskadin dagoeneko 50 baino gehiago dira hildakoak) eta agerian da Amezketan ere eragina duela Koronabirusak. Denok dugu gure etxeetan egoteko agindua eta denok erantzukizunez jokatu behar dugu, Koronabirusa oso kutsakorra delako eta arriskuak oso haundiak direlako osasunaren aldetik. Mesedez, ez atera etxetik behar beharrezkoa ez bada.

 

Halere, erosketak egitera edo lanera joateko atera behar izanez gero, garrantzitsua da ohartaraztea distantziak gorde eta higiene neurriak gorde behar direla.

 

Gogoratu, baitere, Osakidetzak telefono bat duela herritarrentzat, Koronabirusagatik zantzu edo sintomak izanez gero, 900 20 30 50 eta Aholku Sanitarioa aukera hautatu. Beraiek nola jokatu behar den esango digute.

 

Azkenik, esan udaletxeko bulegoak herritarrentzat itxita daudela baina ohiko ordutagiaren barruan telefonoz eta telematikoki atendituko dela. Halere, behar beharrezkoak diren tramite edo izapideak egiteko besterik deitzea edo idaztea eskatzen da.

 

Amezketar guztiei animo asko eta besarkada bana bidali nahi dizuet. Zaindu zaitezte.

 

Amezketan, 2020ko martxoaren 20an.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

Alkateak.