Mugikortasun iraunkorra gaitzat hartuta, argazki lehiaketa martxan da eta parte hartzeko, irailaren 13a baino lehen bidali beharko dira argazkiak

 

Irailaren 16tik 22ra ospatuko den Mugikortasun Astearen aitzakian, argazki lehiaketa antolatu dute Targazki Tolosaldeko Argazkilari Taldeak eta Tolosaldea Garatzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

 

Mugikortasun iraunkorra da, bere osotasunean, lehiaketaren gaia eta edozein egoera irudikatu ahal izango da argazki bidez: dela bizikletan, dela garraio publikoan, oinezkoen bizitza… Sormenari bide emanda, edozein teknika erabili ahal izango da.

 

Tolosaldeko biztanle guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, Targazki elkarteko kideek izan ezik. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu, betiere, ur-markarik gabe eta 5 MB baino gutxiagoko pisua duten .jpg formatuko artxiboetan.

 

Parte hartzeko, http://targazki.fotogenius.es  webgunera kargatu beharko dira argazkiak, eta irailaren 13a izango da horretarako azken eguna. Targazki elkarteko hiru kidek osatuko duten epaimahaiak hilaren 15ean hartuko du erabakia, eta hurrengo egunean emango du erabakiaren berri.

 

Bi maila izango ditu lehiaketak: 8 eta 16 urte bitarteko gazteena, eta publiko orokorrarena. Azken honetan, hiru sari banatuko dira. Argazki hoberenaren egileak, oroigarriaz gain, 300€-ko opari txartela jasoko du, argazki denda batean gastatzeko. Bigarren eta hirugarren sailkatutakoek, berriz, 100€-ko opari txartel bana jasoko dute, oroigarriarekin batera. Gazteen kasuan, irabazleak argazki denda baterako 100€-ko bonua jasoko du, eta oroigarria bigarren eta hirugarren sailkatuek. Unean uneko osasun egoeraren arabera, sari banaketa ekitaldia egingo da.

 

Informazio gehiagorako, targazki@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Lehiaketako oinarriak jarraian ikus daitezke: Mugikortasuna 2020 oinarriak