Tamalez, esan beharra dago gure herriko zenbait haur eta gaztetxo ez direla batere garbiak eta ez dutela batere begirunez jokatzen Amezketako zenbait parke, kale eta udal eraikinetan, garbitasunari dagokionez behintzat.

 

Azken egunotan Larraitz bideko jolastokian eta udaletxe azpian pipa azalak agertu dira lurrean, eta hauekin batera, litxarrekerien zorroak, eta hori, noski, onartezina da. Eta onartezina da, batetik, gure kaleak itsusitzen direlako, bestetik, eta guraso batek dion bezala, parkean dabiltzan ume txikiek ahora eraman ditzaketelako azalak eta hori arriskutsua izan daitekeelako.

 

Argi eta garbi dagoena da zenbait haur eta gazteen heziketan garbitasunaren eta inguruarekiko errespetuaren arloa landu beharko dela denon artean, etxetik hasita, eta eskolan ere, eta herrian, orohar. Hortxe hausnarketarako eta elkarrizketarako aukera gure inguruan.

 

Udalaren aldetik esan dagoeneko argazkian agertzen diren inguruak garbi daudela, eta udal beharginek herria txukun mantentzen saiatu arren, hori denon ardura dela esan behar da, ez baita garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik.