Ierabizkar errotako eraikina eraberritu ondoren, azken hilabeteetan Amezketako Udala lanean aritu da Amezketako ondare naturala eta kulturala bilduko dituen zentroa osatzen. Horretarako, Pello Zabala gunea sortu dugu.

Gune honetan bildu ditugu Aralarko parke naturala, Arritzagako bailara glaziarra, Buruntzunzingo minak edota Zazpiturri iturburuari buruzko informazioa, baita Amezketako argizaiolena, Pernando Amezketarrarena edota Amezketako folklorearen ingurukoak ere. Gainera, errota martxan ikusteko aukerarekin batera, Talo tailerrak, bisita gidatuak edo Amezketa inguruko ibilbideei buruzko informazioa ere egongo da. Amaitzeko, Amezketako baserritarren produktuak erosteko aukera ere eskainiko du gune honek.

Pello Zabala Gunearen inaugurazio ekitaldia igande honetan, apirilaren 10ean izango da eguerdiko 12etan. Prestatu dugun guzti hau ikusteko aukeraz gain, bertako produktuak dastatzeko aukera izango da, bertsolari eta musikaz lagunduta.

Bertan ikusiko garelakoan,

AMEZKETAKO UDALA