Dagoeneko abian dira Beltzaren plazaren ondoan dauden ibilgailuentzako doako karga elektronikoaren bi puntuak, eta ibilgailu elektrikoa duen edonork erabil dezake.

 

Amezketan bezalaxe, 27 estazio ezarri dira Gipuzkoako 21 udalerritan (Abaltzisketa, Alegia, Alkiza, Altzaga, Arama, Asteasu, Beizama, Berastegi, Berrobi…) eta helburua da ibilgailu elektrikoen sustapenerako erraztasun bat gehiago ematea, karga-punturik gabe, erosleak ez baitira animatuko ibilgailu elektrikoa erostera. Bi puntu hauen erabilera doakoa izango da datozen bi urteetan eta bai azpiegitura bai elektraindarra Aldundiaren kontura izango dira.

 

Amezketan bi puntu ezarri dira eta bakoitzaren aurrean ibilgailuarentzako eremua dago margotuta. Honek esan nahi du eremu horiek uneoro libre geratu behar direla ibilgailu elektrikoentzat erreserbatuta baitago. Karga elektrikoen bi puntuen erabilpenak arrakasta izaten badu eta erabiltzaileak ugaritzen badira, etorkizunean leku gehiago egokitu ahal izango da.

 

Karga-puntu bakoitzean erabiltzailearentzat azalpenak agertzen dira, eman beharreko urratsak ibilgailua kargatzeko:

  1. – Erabiltzaileak bere mugikorrean Zunder izeneko aplikazioa jeitsi beharko du, eta QR kodea erabili dezake horretarako.
  2. – Jarraian aplikazioan alta eman beharko du eta ordaintzeko modua ezarri. Azken horri buruz, esan behar da karga dohainik dela eta ordaintzeko modua jartzeak ez duela esan nahi ezer ordaindu behar denik.
  3. – Azkenik, aplikazioan Amezketako konektorea aukeratu behar da, ibilgailua kargatzeko.