Gipuzkoako Eskolarteko laugarren eta azken kanporaketa izango da martxoaren 31n, Amezketako Zazpitturri elkartean. 14 eta 17 urte bitarteko bost bertsolari arituko dira kantuan:  Lide Arregi (Oñati), Danel Etxeberria (Tolosa), Nikola Iraola (Lasarte-Oria), Oihan Navarro (Lasarte-Oria), Xuban Urdalleta (Lasarte-Oria).

 

Eskolartekoko beste kanporaketa guztiak bezala, afari formatuan izango da bertso-saioa. Afaria 20:00etan izango da, eta ondoren izango dira bertsoak, 22:00ak aldera. Afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai, eta 15€ko prezioa dauka.

 

Bertsolariek bosna ariketa egin beharko dituzte, eta guztira zortzina bertso osatu beharko dituzte: bakarka, lau oinak emanda bertso bana kantatu beharko dute zortziko txikian; ofiziotan bina bertso zortziko handian, eta beste hiruna kopletan; eta azken ariketan, berriro ere bakarka, puntu bati erantzungo diote zortziko txikian, eta gai bat abiapuntu hartuta gehienez bost puntuko neurriko bertso bat kantatuko dute. Puntuazio altuena lortzen duen bertsolaria finalera sailkatuko da zuzenean, eta gainerakoek puntuazioaren arabera izango dute aukera. Azken saioa denez, Amezketan bertan jakingo da zein sei bertsolarik kantatuko duten apirilaren 21ean Lasturren izango den finalean.

 

Arratsaldean, berriz, Gelatik Plazara 14 urtez azpiko gaztetxoen sariketa izango da Amezketako Kultur Etxean.