Osasun Sailburuak agindua argitaratu du, COVID19aren bilakaera epidemiologikoari eusteko neurriekin, eta hauen artean, aipagarriena da gaurtik aurrera derrigorrezkoa izango dela erabilera publikoko espazioetan maskara edo musukoa erabiltzea, zehazki, bai bide publikoan edo aire zabalean, bai erabilera publikoko edo jendeari zabalik dauden espazio itxietan, baldin eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartzerik badago.

 

Ostalaritzari dagokionez, berriz, ostalaritzako lokaletan ezingo dira 10 pertsonatik gorako taldeak batu mahaietan, ez establezimenduaren barruan, ez kanpoan.

 

Gainera aginduak dio egungo egoerak iraun bitartean eta agindu hori indarrean egon bitartean, ez dela ordutegiak zabaltzeko beste baimenik emango, eta eman direnak ondoriorik gabe utziko direla. Neurri horrek ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, jatetxeetan, txokoetan eta sozietate gastronomikoetan du eragina, bai eta diskoteketan eta gaueko aisiako gainerako establezimenduetan ere.

 

Azkenik, pandemiaren egungo egoera aintzat hartuta, arauak dio osasunaren kalterako dela kalean kolektiboan edo taldean edariak kontsumitzea.

 

Hona hemen Aginduaren testu osoa, gaurko Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa: AGINDUA_Maskarak