Apirilaren 23an, urtero legez, liburuaren nazioarteko eguna ospatzen da eta aukera polita da hauxe amezketarren irakurketa zaletasuna balorean jarri eta zabaltzeko.

 

Amezketan bada udal liburutegia, 1998an zabaldu zena, astelehenetik ostiralera bi orduz zabalduta egoten dena (arratsaldeko 5.30tatik 7.30ak arte), eta herritar askok erabilpen ona ematen die udal baliabide honi. Udal liburutegian guztira 251 bazkide daude izen emanda, eta horietatik, mailegu-hartzaile aktiboak 119 izan dira azken urtean (2020. urtean 3 bazkide berri ere izan ziren).

 

Liburutegiko liburu kopurua 5.250 alekoa da eta 2020an 86 liburu berri eskuratu ziren, erosita, herritarrengandik dohaintzan jasoak edo erakunde desberdinetatik iritsitakoak. Eskuratutako liburu hauetatik, haur eta gazteentzat 31 ale dira eta helduentzat: 55. Era berean esan behar da libru berri horietatik 54 euskaraz idatzita daudela eta 32 gaztelaniaz.

 

2019. urtean maileguan utzitako liburuak 785 izan ziren, eta 2020. urtean berriz, covid-19ak eragindako urte berezi horretan, 636 liburu utzi dira maileguan; datu benetan ona kontutan hartuta liburutegia itxita egon zela zenbait hilabeteetan eta haurren liburutegia, erabat itxita. 636 mailegu horietatik 503 haur eta gazteenak izan dira eta 133 helduenak, eta horrek argi adierazten du eskolarako erabiltzen diren liburuek indar haundia dutela, gazteentzako eta haurrentzako liburuak direlako gehien erabiltzen direnak.

 

2013ko irailean, berriz, liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratu zen eta geroztik liburutegien arteko mailegu zerbitzua eskeintzen da. 2020an zerbitzu honen bidez Euskadiko beste liburutegietatik 141 liburu jaso ziren, eta Amezketako liburutegitik beste herrietako liburutegietako erabiltzaileei 45 liburu bidali zitzaien maileguan.

 

Azkenik, amaitzen joateko, esan 3 web orrialde interesgarri daudela herritarren eskura: www.euskadi.eus/katalogobateratua, eta bertan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan dauden liburuen erreferentzia ikus daiteke, nahi izanez gero, maileguan eskatzeko; www.eliburutegia.euskadi.eus ere aukera bikaina da eliburuak eta filmak on line eskuratzeko, 2020an bultzada haundia izan zuena konfinamenduari aurre egiteko; eta azkenik, www.liburubila.euskadi.eus dago, eta bertan aukera dago Sareko liburutegiek eskuratutako liburu berriak ikusteko, Amezketakoak barne.

 

Honekin guztiarekin, argi eta garbi esan daiteke Amezketan irakurtzeko zaletasun haundia dagoela, zenbakiek hala adierazten dutela, eta hilabetero 15 bat lagun irakurketa taldean elkartzea ere oso adierazgarria da.

 

Liburuaren nazioarteko egun honetan haurren eta gazteen liburuekiko eta irakurketarekiko interesa eta maitasuna piztu dadila, eta hori bizi-ohitura bihurtzea. Historian zehar, asko izan dira mundu osoan haurren irudimenari eragin dioten liburuak, eta haietatik onena atera dutenak, beren ametsak imajinatzeari, sortzeari eta egiteari utzi ez dioten heldu bihurtuz. Istorio erakargarriak irakurtzez gain, liburuak maisu handi bihur daitezke; izan ere, horietan gizakiak trebatzeko balio duten balioak aurkitzen ditugu, gizakiak gizon eta emakume on bihurtzeko balio dutenak.

 

Helduentzat, berriz, irakurketa oso konpainia probetxugarria eta adikzioa sortzen duena aurkitzen da, irudimena sustatzen laguntzen duena eta, aldi berean, oroimena indartzen eta hobetzen duena. Literatura sendabide bat da bakardadearentzat. Liburua interesgarria denean, gure arreta guztia erakartzen du, eta bakardadea desagertu egiten da, liburua konpainia atsegin bihurtzen delako.