Bihar, apirilak 20, arratsaldeko 7etan eta Kultur etxean, Uxue Alberdi idazlea izango da Irakurketa taldearekin tertulian.

 

Tertulia Dendaostekoak liburuaren inguruan izango da. Liburuari buruz….

Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marx eta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dituzte diskoak lagunekin, edo abortuaren aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako.

Botoi bat josi liburu bat gomendatzen den bitartean, eta diskoak saldu txapelak brodatu ondoren. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Memoriaren dendaostetik.

 

Gonbidatuta zaudete!!!