Asteazkeneko euriteek gure herrian kalte larriak eragin dituzte. Azken urteetako euri jasa handiena izan zela esan dezakegu.
Lehenik eta behin, eskerrik asko, laguntza eskaini diguten herritar guztiei. Asteazken gauean eta ostegun goizean hainbat eta hainbat herritar ikusi genituen atxurrak eta palak hartu eta urari bideak irekitzen. Zuen elkartasuna eta lan egiteko prestutasuna oso baliagarriak izan dira egun hauetan.
Udal langileei aitortza berezia ere egin nahi diegu. Azken asteburuetan izandako lan karga gehigarriaz gain, asteazkeneko euriteen ondoren sortutako lan karga handiari eman dioten erantzunagatik. Opor egunak alde batera utzi eta lanean aritu diren langileak ere izan dira, eta hori eskertzekoa da. Bestalde, Jaizubia enpresako langileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu herriari laguntzeko erakutsi duten borondateagatik.
Era berean, hainbat herritarren iritziak entzun ondoren, gogorarazi nahi dugu, duela urte batzuk etxe inguruko lurretan ubideak egin eta mantentzeaz norbera arduratzen zela. Azken urteetan, askok, ardura hori alde batera utzi dute, eta horrek, asteazkeneko euriteen antzeko egoeretan, kalteak nabariagoak izatea ekartzen du.
Beraz, guztion artean, etxe inguruko ubideak garbi mantentzea garrantzitsua da, eta etorkizunean kalteak murrizteko lankidetzan aritzea, beharrezkoa.
Jarraian ostegunean jaso ziren irudi batzuk:
122ef495-126d-4599-9490-f31eaf0204ec (1)