Iragarpenek asmatu dute eta bero handia ari gara jasaten. Honen aurrean hainbat neurri hartu dira baina egoerari Iberdrolak egindako argi-mozketa gehitu zaio. Iberdrolak aurreikusia zuen ordu erdiz zerbitzua etetea eta argindar sorgailu batzuen bidez zerbitzua ematea lanek irauten zuten bitartean. Hala ere, esan digutenez argindar sorgailuek huts egin diete eta ezin izan dute argindar zerbitzua bermatu. Badirudi, ordu honetan, herri guztian zerbitzua berreskuratu dela.
Ordu batzuetan aire girotu, haize sorgailu edota hozkailurik gabe gelditu gara herritarrok eta Udaletik Iberdrolari eskatuko diogu etorkizuneko esku-hartzeetan kontuan izateko indarrean dauden abisu edo alertak eta aurreikusitako mozketak ez egiteko gaur bezala alerta gorria emanda dagoen egunetan.
Bestalde, argindar mozketak buru-arinak egiteko prestatuta zegoen ekintza ere bertan behera utzi beharra ekarri du eta argindar faltagatik estaldurarik ere ez zegoenez barkamena eskatu nahi diegu buru-arinen ekintza bertan behera gelditu izanaren komunikaziorik jaso ez dutenei.
Honez gain, muturreko beroagatik hartutako neurriak momentuz asteazkenera arte luzatzea erabaki dugula jakinarazten du Udalak:
-Udal Brigadak eguneko lehen orduetan egingo ditu beharrezkoak diren kaleko lanak baina 12:00etatik aurrera ezingo dute kaleko lanik egin.
-Kultur etxea irekita egongo da goizeko 9etatik gaueko 9etara eta bertan aire girotuarekin egongo dira kultur etxea bera, jubilatuen txokoa eta areto nagusia. Gaur goizean aire girotua martxan egon denez oraindik fresko mantentzen da eraikina, beraz, beroagandik deskantsu bat behar duena bertaratu daiteke.
Azkenik, Jaurlaritzatik gomendatu dute masa forestala gertu duten eremuetan surik ez egiteko, eta beraz, azken urteetan San Martinen egin den San Juan surik ez egitea erabaki da.
Neurriak ulertuko dituzuelakoan,
AMEZKETAKO UDALA

