Ekainaren 17an hasiko dira Amezketako herri basoetan basoak lehengoratzeko eta bertako pagadiak sustatzeko bakanketa lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak eta Amezketako Udalak elkarlanean egingo dituzte lanok, Aralarko Parke Naturalaren helburuekin bat etorriz.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan, herriko hainbat lursail publikotan pago eta pinuz osatutako landaketa mistoak egin ziren. Landaketa mota horien helburua lehen urteetan koniferek pago gazteei babesa ematea eta, aldi berean, pagoak argiaren bila zuzen eta sendo haztea zen. Urteekin, ordea, zuhaitzak hazi egin dira eta elkarren arteko tartea txikiegia da; ondorioz, espezieek elkarri hazten jarraitzea oztopatzen diote.

Egoera horri erantzuteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak landaketa mota hauetako 22 hektareatan egingo ditu bakanketa lanak. Gehienbat abeto zuhaitzak kenduko dira, eta toki egokian dauden eta tamaina aproposeko abeto zuhaitz batzuk ere bertan utziko dira biodibertsitatearen mesedetan.

Lan hauen helburua pagadi berriak sortzea eta bertako basoen hedadura handitzea da, Amezketako herri mendietan baso naturalago eta iraunkorragoak garatuz.

Mozketak Ariñatera igotzen den pista inguruan eta Larrondoko parajean egingo dira. Lanek irauten duten bitartean, eta segurtasun arrazoiengatik, Ariñaterako pistan ibilgailuen zirkulazioa aldi baterako eten ahal izango da zenbait unetan, pasoa tarteka baimenduz. Egoera hori gertatzen denean behar bezala jakinaraziko da.

Lan hauetan erabiltzen den makineriaren eta mozketen arriskua dela eta, Udalak eta Foru Aldundiak herritarrei eskatzen diete seinaleztapena errespetatzeko eta lan-eremuetan ez sartzeko lan guztiak amaitu arte.