Hamar urte bete dira Tolosaldeko udal guztien apustu bateratuari esker eskualde mailako Enplegu Plana osatu zenetik. Plan horren ondorio da Enplegunea.

 

Kalitatezko lanpostu berriak sortzeko ezinbesteko hitzordu bihurtu da Enplegunea hamarkada honetan. Lanbideren bidez 1.900.000 euro bideratu dira eskualdeko enpresetara kontratazioak sustatzeko. Diru-laguntza horiei esker, 359 kontratazio egin dira, eta beste horrenbeste kudeatu dira, Enplegunearen testuinguruan.

 

Bederatzigarren edizioa izango du aurten Enpleguneak. Azaroaren 8an ospatuko da Lehiberri Zentroan, eta aurtengoan, kontratu mugagabeko 33 kontratazio lagunduko ditu diruz.

 

“Enpleguneko aurreko edizioetan baino lan-eskaintza gutxiago lagunduko dira diruz, baina kontratazioek mugagabeak izango dute, eta hori garrantzitsua izango da kalitatezko lanpostuak sortzeko eta enplegua egonkortzeko”, azaldu du Iker Urruzola Aizpuruak, Zizurkilgo alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak.

 

Lan-eskaintzen zerrenda ikusgai

 

Orotariko lanpostuetarako eskaintzak jaso dira aurten: mantenurako, ibilgailuen konponketarako, industriarako, elikadura sektorerako, administrazio lanetarako, ehungintzarako, zaintza lanetarako, edota zerbitzuetarako, besteak beste. Zerrenda eguneratu osoa Tolosaldea Garatzenen web orrian dago ikusgai.

 

Lan-eskaintzaren batera izena eman nahi duten herritarrek dagoeneko aukera dute horretarako. Tolosaldea Garatzenen webgunean egin dezakete eskaera, baita 943 654 501 telefono zenbakira deituta, edo lan3@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

 

Enpresek beraien eskakizunetara hobekien egokitzen diren pertsonak aukeratuko dituzte, eta horiek aurrez aurreko lan-elkarrizketa egingo dute azaroaren 8an, Lehiberri Zentroan bertan. Kontratazioa egiteko abenduaren 31ra bitarteko epea izango dute enpresek, eta ezinbestean, kontratatutakoek Lanbiden altan emanda egon beharko dute kontratazioa egiten den unean.