Amezketako Udalak herriko argiteria publikoa efizienteagoa izateko politikari bultzada bat eman nahi dio, eta oraingoan, Ugarte auzoan, Bartolome Deuna kalean, Zumadi eskolara doan bidean eta Eliz kalean 95 farola ordezkatuko ditu eta 8 kuadro elektriko eguneratu hurrengo asteetan. Esan behar da, gainera, farolak duela 3 urte Bartolome Deuna kaleko zati batean jarri zirenen mota berdinekoak izango direla.

 

Egungo farolak LED teknologiadunak dira, baina urte batzuk dituzte eta ez dira egungo LEDak bezain eraginkorrak ez eta ez dute behar adina argi ematen. Amezketako Udala, bere garaian, aintzindari izan zen LED teknologiako argiteria jartzen udalerrian, baina LEDen bilakaera izugarria izan da azken urteotan eta egungoek hobekuntza nabarmenak dituzte.

 

Guzti hau dela eta, esan bezala, aste honetan argiteri publikoa berriztatzeko lanak hasiko dira, eta horren ardura Eibarreko Electricidad Cuadra enpresak izango du. Lanak burutzeko epea hiru hilabetekoa izango da eta Udalak egingo duen inbertsioa 152.702 eurokoa da, BEZ barne. Lanak 2019an burutu nahi ziren baina lehiaketa publikoaren izapide edo tramiteak luze joan dira. Eskuhartze honekin, herriko argiteri publikoaren berriztatzeari bultzada garrantzitsua emango zaio, eta hurrengo urteetan, geratzen diren eremuak berritzen joango da Udala, bizpahiru urteetan guztiak berrituta geratu arte.

 

Udalaren esanetan, “berriztatze honek zuzenean eguneratze-teknologikoa, energia elektrikoaren kontsumoaren gutxitzea, atmosferara CO2ren igorpena gutxitzea eta mantenu-kostuen gutxitze nabarmena dakartza, hau da, efizienteagoa, jasangarriagoa, merkeagoa da eta argi kalitate hobea ditu”.

 

Azkenik, aipatu behar da, Udalak, berriztatze lan honetarako Eskualde Garapenerako Europako Funtsatik (EGEF-FEDER) dirulaguntza duela, Españako Gobernuko IDAE erakundearen bitartez.